Eneritz Lizardi: "Guk ere frontoiak bete ahal ditugula erakutsi behar dugu"
Ezkurdi frontoia beteko du astelehenero zortzi emakume puntisten arteko norgehiagokak, martxan dago eta emakumezkoen lehenengo Winter Series 2023.
Emakumeen lehenengo Winter Series ari zarete jokatzen. Zer suposatzen du horrek?
Ohore handi bat, lehenengo aldia da horrelako txapelketa garrantzitsu bat egiten dena Euskal Herri mailan, eta guk izango dugu lehen aldiz jokatzeko ohorea. Bide berriak irekitzeko aukera bat dela uste dut, hortaz, oso pozik gaude gu izateagatik jokatzeko aukera edukiko dugunak.
Lau bikoteren arteko norgehiagoka da. Nolako lehia aurreikusten duzu?
Finalaurreko biak oso gogorrak izango direlakoan nago. Prentsaurrekoetan Barrenetxea eta biok osatzen dugun bikotea jartzen dute hautagai bezala baina, nire ustez, finalaurreko oso gogorrak izango dira, eta markagailua alde batera zein bestera jauzi daiteke. Ez dut hautagai argirik ikusten. Unean bertan bakoitza nola sentitzen denaren eta egoeraren araberakoa izango da markagailua, uneak asko definituko du partidua eta onenak irabaziko du, baina ikusi egin beharko da.
Zortzi puntista zarete, horietatik bost Lea-Artibai eta Mutrikukoak. Harrobi ederra dago.
Zesta-punta gure inguruan asko landu den kirol bat da, horren adibide gara. Berriatutik Maialen Aldazabal eta Ihart Arakistain eta Markina-Xemeingo Arai Lejardi eta Erika Mugartegi. Ia herri guztietan zesta-puntan jokatzeko frontoi bat aurkitu dezakezu, eta azkenean inguru honetakoak mugitu izan gara gehienok. Horrelako egoeratan ikusten da bai mutil zein neskatan harrobi ederra dugula, eta zentzu horretan asko landu den proiektu baten fruitua da.
“Zesta-punta gure eskualdean asko landu den kirol bat da, horren adibidea gara”
18 urte dituzu, eta zeu zara nagusiena. Gaztetasuna ezaugarri bereizgarria da.
Orain hasi den txapelketa bat da, hala nola, proiektu berri bat. Gainera, zesta-puntan emakumeek ez dute presentzia handirik izan orain arte, eta gutxinaka indartzen hasi den aspektu bat da. Horrelako kasuetan ikusten da errealitate hori, neska oso gazteak hasiko gara txapelketa lehiatzen, eta gure helburua da atzetik jendea etortzea eta, noski, guk ere hor jarraitzea. Emakumeen zesta-puntari egonkortasun bat eta jarraipen bat eman ahal izateko.
Barrenetxea durangarra duzu kide. Nolako bikotea osatzen duzue?
Kantxa kanpoan zein barruan harreman polita dugun bikote bat gara. Azkenean bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, ni zaharrena naiz eta bera gazteena, gauza ezberdinak gehitzen dizkiogu bikoteari. Barrenetxeak gaztetasunaren bizitasun hori dauka, eta nik nolabaiteko beteranotasun eta esperientzia, hortaz, segurtasuna ematen dugun bikote bat gara. Kantxan biok bat eginez gero, aukerak ditugun bikotea gara. Elkar ondo ulertuz gero, txapelketa polita egin genezake.
«Txapelketak etorkizuna duela erakustea da gure asmoa»
Ezkurdiko frontoia egokitzen al da zure jokora?
Nahita aukeratu dute Durangoko Ezkurdi frontoia. Mutilek lehiatzen duten Gernikako frontoia baino txikiagoa da, eta gure indarguneetara edota ezaugarrietara egokitzen den frontoi bat dela esango nuke. Orain, gainera, berritu berri, aukera ona da guretzat frontoi horretan jokatzea eta espektakulua emateko leku egoki bat dela uste dut.
Gizonezkoen Winter Seriesek izandako oihartzunarekin, nola hartzen duzu erronka?
Ikusi da zelako audientziak eta zelako garrantzia izan duen gizonezkoen Winterrak Euskal herri mailan eta, azkenean, gu protagonista bezala jartzeak edo erdigunean jartzeak presio puntu bat baino gehiago ohore bat suposatzen du. Nire ustez, ikusleek erantzun ona emango dute, eta erakustaldi polita eman ahal dugula erakusteko unea da guretzat. Alde horretatik, pozik nago, betidanik itxaroten egon garen aukera bat da, eta aprobetxatzeko unea dugu aurrean, hori da gure asmoa.
Nola helduko zara txapelketara?
Aste osoan entrenatzen eta jokatzen nago, eta aste osoa asteburuko partiduetara zentratzen dugu, hortaz, fisikoki ondo ailegatuko naiz. Bai ni eta baita denok ere. Psikologikoki, berriz, domeka gauean ikusiko da nola nagoen, kantxara sartzean ikusiko dut nola gestionatzen dudan hamarilak beteta ikustea, telebista… hori guztia. Esperoan egon garen gauza bat da, eta saiatu beharko gara lasai egoten, partiduan zentratzen eta ingurukoarekin ahazten, benetan egiten dakiguna erakusteko eta joko polit bat egiteko.
“Partidu gogorra izango da”.
Munduko txapelduna zara, presio gehigarri bat suposatzen du?
Nik uste, ezetz. Munduko Txapelketan orain gauden gehienak egon ginen, eta ez dugu ezer demostratu behar. Bakoitzak ahal duena egiten du, eta ez da egoera berdina, ezta baldintza berdinak ere. Txapelketaren ezaugarriak aldatu egiten dira. Orain aurrean dugun erronkari dagokionez, guk ere frontoiak bete ahal ditugula da erakutsi behar dugun gauza bakarra. Datorren urtean beste txapelketa bat egoteko erakustaldia eman behar da. Ez da pilotari bakoitzak bere tituluak defendatzeko erakustaldi bat, guztion artean egin behar dugun zerbait baino.
Lehenengo partidua Erika eta Alairen aurka izango da. Nolako partida aurreikusten duzu?
Biak markina-xemeindarrak, bizitza osoa elkarrekin jokatzen ari dira, eta lagunak dira. Hortaz, partidu gogorra izango da. Oso ondo ezagutzen dute elkar, horrek indarguneak ematen dizkie.
Hiru asteko txapelketa da, aurrerago luzeago izateko nahia adierazi duzu.
Mutilen kasuan ere, orain dela bi urte hasi zen, eta txapelketa luzatzen joan da gutxika. Gure kasuan, lau bikote izanda, ez dago aukera handirik txapelketa asko luzatzeko. Txapelketak etorkizuna duela erakustea da gure asmoa eta etorkizun hurbil baten txapelketa luzatzea, emakumeen zesta-puntari garrantzia ematea eta bidea egiten jarraitzea.