Nerea Ibarzabal, 111 Akademiaren Saria jasotzeko hautagaien artean
Bertsolari eta idazle markina-xemeindarra 'Bar Gloria' liburuagatik dago 2022ko 111 Akademiaren Saria jasotzeko hautagaien artean.
111 Akademiaren Saria jasotzeko, akademiako kideek aurreko urtean argitaratutako euskal lanen artean gogokoena bozkatzen dute. Baina sariduna izendatzeko, lan irabazleak botoen %30a eskuratu behar du. Eta azaldu dutenez, bozketa fasea egin eta gero lan bakar batek ere ez du kopuru hori lortu. Hala, lehendabiziko bozketan boto gehien jaso dituzten bost lan aukeratu dituzte, eta horiekin bigarren bozketa fasea zabaldu dute.
Sortzaile markina-xemeindarraren Bar Gloria lana lehen itzulian boto gehien jaso duten bost lanen artean dago, eta horregatik dago saria irabazteko hautagaien artean. Ibarzabalegaz batera, ondokoak dira beste idazleak eta euren obrak: Arantza Urretabizkaia (Azken etxea), Anjel Lertxundi (Desertuan behatxuloa), Aingeru Epaltza (Erretzaile damutuen konpainia) eta Maddi Ane Txoperena (Ez erran inori).
Azaldu dutenez, bigarren bozketa fasea martxoaren 26ra arte egongo da zabalik. “Bigarren buleta horretan libururen batek emandako botoen %40 bereganatuko balitu, 111 Akademiak hura izendatuko luke 2022ko saridun”. Baina bigarren itzulian bost lanetatik batek ere ez balu kopuru hori lortuko, boto gehien jaso dituzten bi lanen artean hirugarren bozketa bat zabalduko lukete.