42. San Gregorio saria eta 41. Aitxekutz saria lehiatuko dira martxoaren 11n Berriatuan
Goizean eta arratsaldean gazte zein elitekoek igaroko dituzte Lea-Artibaiko errepideak.
40 urte baino gehiago daramatza Berriatuko txirrindulari elkarteak gaur egungo VIII. Asier Aranceta eta XXII. Juan Luis ‘Kanterape’ memorialak antolatzen. Beste urte batez Berriatuko Udalaren eta Bizkaiko zein Euskadiko Federazioekin elkarlanean martxoaren 11n lehiatuko dituzte lasterketak.
Goizean elite eta 23 urte azpiko 42. San Gregorio saria jokatuko da, Euskaldun Txapelketako hirugarren lasterketa. Bihar [martxoak 4] XX. Ereño Udala sari nagusia, bigarren proba. 09:45ean dago ezarrita irteera ordua eta txirrindulariek 130,85 kilometroko ibilbide malkartsuari egin beharko diete aurre. Orain arte 27 parte hartzailek eman dute izena, baina askoz gehiago espero dira, izena emateko epea martxoaren 8an 12:00etan amaitzen baita.
Ibilbideari dagokionez, beste behin gogorra izango da, Lea-Artibaiko orografiak ez du uzten atsedenerako tarte handirik. Berriatutik irten ostean Ondarroa, Lekeitio edota Oleta zeharkatu du tropelak, ibilbide zirkularra da eta tartean hirugarren mailako Mereludiko gana lau aldiz igaro beharko beharko dute eta beste bi aldiz Mendexako bigarren mailako mendatea. Hain zuzen ere, igoera horiek egingo dute indartsuenen banaketa. Mereludikoak izango dira azken aldapak Berriatuko helmugara arte ia dena jaitsiera izango dute txirrindulariek. 13:00etan aurreikusten dute antolatzaileek heltzea garailea.
16:15ean hasiko da 41. Aitxekutz saria, junior mailako Bizkaiko Kopa lasterketa da. Txirrindulariek 71,75 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute eta antzerako errepideak zeharkatu behar dituzte. Kasu honetan, Ispasterko Gardata auzotik igaroko dira eta Mereludiko igoera bi aldiz bakarrik igoko dute. 18:00etan inguru helduko da pelotoia Berriatuko Zelaieta kaleko helmugara.