Debabarrenako Mankomunitateak Plan Estrategiko berria burutuko du
S & F enpresa izango da burutuko duena; hamar hilabete izango ditu aipatutako lana burutzeko.
Debabarrenako Mankomunitateak Plan Estrategiko berria garatzeari ekin dio, orain arteko hondakinen kudeaketaren eta gaikako bilketaren arloan egindako lana aztertu eta etorkizuneko helburuak ezartzeko asmoz.
Lehiaketa bidez esleitu dute plana burutzeko eginbeharra, eta hain zuzen ere, S & F enpresa izango da burutuko duena; hamar hilabete izango ditu aipatutako lana burutzeko. “Aurrerapausoak ematen jarraitzen dugu hondakinen kudeaketari eta gaikako bilketaren sustapenari dagokionez, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko helburuarekin. Plan Estrategiko berri bat egiteak etorkizuneko helburuak eta horiek lortzeko estrategiak definitzeko balioko du” adierazi du Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak.
Hiru fase. Plan Estrategikoa hiru fasetan egingo da, eta sei mugarri izango ditu: lantalde espezifikoa osatzea, interes-taldeak identifikatzea, Mankomunitatearen misioari, ikuspegiari eta balioei buruzko aurretiazko hausnarketa estrategikoa, barne ta kanpo-azterketa, AMIA diagnostikoa eta helburuak ezartzea, eta helburu bakoitzaren estrategiak eta ekintza-plana garatzea.