Mutrikuko Atxukale Saria bertan behera geratu da
Zapatuan [martxoak 11] lehiatu behar zen junior kategoriako proba bertan behera geratu da, antolatzaileek ezin baitute segurtasuna bermatu.
Atxukale Txirrindu Taldeak eta Mutrikuko Udal Kirol Zerbitzuek antolatzen duten junior mailako Atxukale Txirrindu Saria martxoaren 11n zuen hitzordua ezarrita, baina bertan behera geratzen dela jakinarazi dute: “Ezin ditugu bermatu antolakuntzari eskatzen zaizkigun segurtasun neurriak”.
Proba aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa da moto-loturek parte hartzea, eta hauen egoera salatzeko aldarrikapenetan daude, hortaz, “aldarrikapen legitimoak errespetatu eta hauekin bat eginez, esku hartzen duten erakundeek arazoa konpondu bitartean, zain egotea besterik ez dugu”.
Aldin berean, Mutrikuko Udalak eta Atxukale Txirrindu Taldeak konpromisoa hartu dute: probaren segurtasuna bermatu bezain laster data berri bat ezarriko dute, ahal izanez gero, 2023an. Azkenik eskerrak eman nahi izan dizkiote babesle, laguntzaile eta eragileei.
Moto loturen aldarria. Probetan motorrekin segurtasun lanean aritzen direnen jarduera ez dago lanbide gisa onartuta legez, hori dela eta, ezin diete seguru osorik egin. Gidariek jaso ditzaketen kalteak babestuta badaude ere, euren motorrekin eta jantziekin aritu behar dira, eta azken horiek ez daude babesturik. Hortaz, azken urteotan izan dituzte ezbeharrak, eta horien ondorioak eurek ordaindu behar izan dituztela salatu dute, eta egoera aldatzeko planto egin dute.