Laburbira zirkuituaren film laburrak eskainiko dituzte Aulestin
Domeka eguerdian (martxoak 12) izango da emanaldia, udal aretoan.
2023ko Laburbirak 32 herritan egingo du geldiunea bere XX.aldian, tartean, Aulestin. Euskal Herri osoan ekoitzitako film laburren bilduma gaurtik (martxoak 7) apirilaren 5era bitartean eskainiko dute. Aulestin domeka honetan (martxoak 12) daukate hitzordua; 12:00etan hasiko dute emankizuna udal aretoan.
Zazpi film-laburrez osatutako bilduma eskaintzen du aurten euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak, eta gaur egungo zinemagintzaren “lagin aparta” izanda, euskal sortzaileen lanaz gozatzeko aukera emango die herritarrei. “Eduki zein estiloz denetariko pelikulekin” osatuta dator film-labur sorta.
Hauek dira film laburrak:
- Muskil (zuzendaria: Marina Perosanz):
“Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi dira. Luisa, herriko maistra berria,ondoko baserrira etortzean bizimodua aldetuko zaio Ixabeli”. - Olatuen isiltasuna (zuzendariak: Maria Bartolome, Eric Campos eta Fernando Martin):
“Urtero-urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdina egiten du film honetako protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin…” - Irrits (zuzendaria: Maider Oleaga):
“Izaro eta Clara, 17 urteko nerabeak, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Halako batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian…” - Erlojupekoa (zuzendaria: Leire Egaña):
“Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iristen zaio. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen”. - Hitzak (zuzendaria: Josu Martinez):
“1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik zeuden hitzak aurkitu dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertzen. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira…” - Asko falta da? (zuzendaria: Ane Cuesta):
“Neska gazte bat asteburu pasa doa lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da”. - Koadro goriari heldu (zuzendaria: Iulen Arana):
“Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte”.