Markina-Xemeingo Udalak Bake Epailea aukeratzeko deialdia zabaldu du
Baldintzak betetzen dituztenek apirilaren 3ra arte aurkeztu ahal dute eskaria udaletxeko erregistroan.
Markina-Xemeingo Udalak, alkate-dekretuz, espedienteari hasiera ematea eta oinarriak onartzea erabaki zuen otsailaren 22an. Horrenbestez, eskaerak aurkezteko 20 laneguneko epea zabaldu zen; apirilaren 3a da eskaerak udaletxeko erregistroan aurkezteko azken eguna.
Bake Epaile kargua lau urterako izango da. Hautagaiek zenbait oinarrizko baldintza bete behar dituzte: adinez nagusiak izan behar dute, eginkizun judizialerako ezgaitua ez izatea (ez fisikoki ez psikologikoki), eta maltzurkeriazko delituengatik kondenatuta ez egotea.
Interesa dutenek hautaketa prozesuari begira egoki iritzitako merituak aurkeztu beharko dituzte, eta baita Curriculum Vitaea ere. Euskarazko hizkuntza-gaitasunari dagokionez, ez da eskatzen inolako titulazio edo hizkuntza-eskakizun zehatzik edukitzea, “karguari dagozkion betebehar eta eginkizunak euskaraz ere betetzeko gaitasun nahikoa baizik”. Ez da titulazio berezirik eskatzen; nahikoa da bake epailearen betebehar eta eginkizunak betetzeko behar adinako gaitasunak edukitzea. Era berean, baldintza guztiak betetzen dituztela aitortzeko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.
Justiziako Epaitegi Gorenak arrazoi sendoengatik beste herri batean bizitzea baimendu ezean, hautagaiek Markina-Xemeinen bizi beharko dute. Ezingo dute alderdi politiko edo sindikatuetako partaide izan edota horien zerbitzura egon, ezta udal hauteskundeetan edo hauteskunde legegileetan parte hartu ere.
Eskaerarik ez balego, Udalbaltzak askatasunez aukeratuko ditu bake epaile titularra eta ordezkoa, prozeduraren baldintza berdinen arabera.