Martxoaren 29a da Errigoraren udaberriko kanpainako eskaerak egiteko azken eguna
Beste behin ere, Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eskatu ahal dira.
Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura lelopean, beste behin ere Errigorak udaberriko kanpaina abiarazi du. Eskaerak egiteko azken eguna martxoaren 29a dela esan dute. Kanpainan oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatzeko aukera egongo da. “Auzolanari esker, produktu horiek norbere herrian jaso ahalko dira, ekoizlearen jatorrizko prezioan”.
Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan. Udaberriko kanpainak eguneroko kontsumo ohituretan eragitea bilatzen duela gogorarazi dute Errigorakoek. “Planteamendua da urte osorako beste eskatzea”. Gaineratu dute azken urteetan egin modura, banaketa bi txandatan egingo dutela aurten ere: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak.
Bestalde, Errigora identifikatzailea sortu dute, eta berme zigilu horrek lau alor ditu oinarri: bertakotasuna, euskara, auzolana eta familiekiko harremana oinarri hartuz. “Horiekin, Errigorak ekoizle taldean kohesioa indartu nahi du batetik, eta bestetik, kontsumitzaileen eskuetara iristen diren produktuen arteko koherentzian sakondu”. Ondoko ezaugarriak nabarmentzen dituzte zigiluaren lau balio nagusietan:
- Bertakotasuna: segurtatzen du produktuaren ekoizpenean erabilitako osagaiak Nafarroako Ager eremukoak direla, hau da, Iruñetik hegoalderakoak. Gatza eta azukrea bakarrik salbuesten dituzte.
- Euskara: segurtatzen du produktua ekoiztu den ekoiztetxean euskara normalizatzeko plana garatzen ari direla.
- Auzolana: adierazten du produktua ekoiztu duen ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela.
- Nekazariarekiko harremana: honen bidez, nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela zehazten da. Harreman hauetan gertuko eta elkarlaneko logikak nagusitzen dira, hau da, ez da bitartekaritzarik egoten eta salerosten diren lehengaien kopuruak eta prezioak adostuak izaten dira.
Ebaluazio dinamika batek segurtatuko du identifikatzaileak egoki funtzionatzen duela. Lehenik, ekoizleek lau balioetan oinarritutako eta 43 galderaz osatutako autoebaluazioa egingo dute. Autoebaluazio sistema hori boluntarioek osatutako Ebaluazio Mahaiak sortu eta gainbegiratuko du. Zehaztu dute boluntarioz osatutako mahai hori urtez urte berrituko dela.