Behekoa gora ekarriz
Mutriku inguruan dauden altxor ikusezinak azaleratu eta herritarrei eskuragarri jartzeko formatu egokiena irudi bidez egitea izan da Burumendi Espeleologia taldearen erronka

Mutrikuko Burumendi Espeleologia taldeak egiten duen lana azaleratzeko eta Mutrikuko leizeek merezi duten lekua izateko, argazki erakusketa antolatu zuten Zabiel kultur Etxean. Herritarrei altxorraren ale bat eskura jarri asmoz, 63 argazki jarri zituzten eskuragarri. «Bai, hau ere Mutriku da esateko», diote Nerea Arrizabalaga eta Joseba Aramaio taldekideek.
Arnoko karstean altxorrak daudela ziurtatuz, lur azpira sartu ezin diren herritarrei «beheko altxorrak gora ekarri» dizkiete: «Aberastasun handia dugu barruan. Inguru karstikoa izanik, euriak harriak gastatu ondoren leize asko sortu dira. Arno inguru egokia da espeleologia egiteko». Zehazki, 155 leize baino gehiago daude katalogatuta Mutriku inguruetan; leize handiena Kobeta izanik. «Konbentzimendua dugu zulo asko aurkituko ditugula oraindik».
Erraldoiaren gela, Buatxabal, Enara, Urteurrena, Lanbro eta Capilla Sixtina leizeen izenak dira.
Burumendi Espeleologia Taldeak hamazortzi kide ditu gaur gaurkoz, gazteenak 19 urte ditu, eta zaharrenak 73. Talde anitza osatzen dute. «Talde osatua gara, eta esploratzeko nahiak batzen gaitu». Taldekide bakoitzak bere jakin-minak ditu, tartean, topografia, marrazkigintza, argazkilaritza eta arkeologia. Baina espeleologia lanaren oinarrian talde lana dago: «Zuloan sartzen garenean, talde bat gara. Banaka espeleologo batek ezin du ezer egin, gutxieneko taldekide kopuru bat behar da. Gu hiru sartzen gara gutxienez, bai talde lana delako eta baita segurtasun kontuengatik ere».
“Hainbeste urtetan ibilita ezer ez gertatu izana ez da suerte kontua, formakuntza, talde lana eta prestaketa dira segurtasuna bermatzen dutenak”.
Txoko kuttunak. Burumendi Espeleologia Taldea baino lehen, beste talde batzuk aritu izan dira Arnoko karstean espeleologia egiten, zehazki, Leizarte Espeleologia Taldea, Munibe Taldea eta Aranzadi Zientzia Elkartea. Hortaz, katalogo batzuk jada eginda zeuden Burumendik lanari ekin zionean. «Egindako lana berreskuratu genuen, eta banaka joan ginen leize horien bila. Bazeudela egiaztatzeaz gain, fitxak osatzeko». Leize asko zeuden lokalizatuta, baina ez esploratuta: «Urteekin begiratzeko moduak aldatu egin dira, ez dira gauza berdinak ikusten, materiala, erremintak, argiak, guztia aldatu da, horrek eragina du esplorazioan». Taldea esploratzen hasi zenean, kilometro bat inguru zegoen landuta Mutriku inguruan eta, gaur egun, taldearen lanari esker, bost kilometro dituzte landuta.

Iturria: Burumendi Espeleologia Taldea
Leizeak katalogatzea lanketa zehatza da: lokalizatu, baloratu, instalatu, esploratu eta alor ezberdinak kontuan izanda katalogatzea da aurrera eramaten duten prozesua. Asko izan dira erakusketara joan diren herritarrak, altxorrak ikusteko asmoz, eta argazkiak ikustean errepikatu den galderetako bat izan da: «Zergatik izen horiek?». Erraldoiaren gela, Buatxabal, Enara, Urteurrena, Lanbro eta Capilla Sixtina dira izen horietako batzuk, denak ala denak, bitxiak. «Gure txoko bakoitzaren izena momentuko emozio edota egoeretatik dator». Horren adibide dugu Buatxabalekin gertatu zena: «Espeleologoak leizea ikusi zuen lehen aldian esan zuen: Buatxabal». Bitxikeriek egiten dute berezi: «Helburua ez da leku guztiei izen adierazgarri bat jartzea, baina suertatu egiten dira».
«Bederatzi ordu egin nituen esku-ohe batean, lur azpitik 200 metrora nengoen»
Segurtasuna oinarri. Arriskua uneoro edonon dagoela jakinda, are arrisku handiagoak ditu espeleologiak: «Astero biltzen gara, eta guztia antolatzen dugu; zeintzuk joango garen espediziora, nola, zein material eramango dugun… Guztia». Ez dute inolako arriskurik hartzen, ezta inprobisazioari lekurik uzten ere: «Hainbeste urtetan ibilita ezer ez gertatu izana ez da suerte kontua, formakuntza, talde lana eta prestaketa dira segurtasuna bermatzen dutenak».
Gainera, urtean behin edo bitan sorospen simulakroetan parte hartzen dute, ezbeharren bat gertatuz gero nola jokatuko litzatekeen simulatuz: «Bederatzi ordu egin nituen esku-ohe batean, lur azpitik 200 metrora nengoen». 50 lagun biltzen dira, gutxienez; espeleo-sorospenekoak, medikuak, suhiltzaileak eta Ertzaintza tartean. «Antolakuntza erraldoia da, koordinazio lan izugarria dago atzean».
Hori dela eta, taldearen gastu nagusienak materialera bideratuta egoten dira. Aurre egiteko, auto finantziaziorako ekintzak egiten dituzte, eta Mutrikuko Udalak ere babesa ematen die. Esker bereziak eman nahi izan dizkiote Burumendi Mendizale Elkarteari: «Azalean ibiltzen diren mendizaleek izugarrizko babesa eman digute mendi azpian ibiltzen garenoi, benetan eskertzekoa da egiten duten guztia».