Mutrikuko Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik dago
Apirilaren 17a izango da lanak bidaltzeko azken eguna.
Mutrikuko Kultura Batzordeak Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa jarri du abian seigarrenez, eta lanak aurkezteko epemuga apirilaren 17an izango da. Oinarrietan zehaztu dutenez, edonork parte hartu ahal izango du, eta bakoitzak nahi beste lan aurkezteko aukera edukiko du. “Egile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko du”.
Gaia librea da eta, gehienez ere, 100 berbako kontakizunak jasoko dituzte; euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Kontakizunak posta elektronikoz jasoko dituzte kultura@mutriku.net. Bidaltzen den mezuari bi fitxategi erantsi behar zaizkio: alde batetik, idazlana goitizenez sinatua, eta, bestetik, egilearen datu guztiak, nortasun agiria barne.
Ohi legez, hiru sari banatuko dira:
- 18 urtetik gorakoen lan onena: 500 euroko saria.
- Mutrikuarren arteko lan onena: 200 euroko saria.
- 18 urtetik beherakoen lanik onena: 200 euroko saria.
Epaimahaia Mutrikuko Kultura Batzordeak izendatuko du, eta hartzen duen erabakia “aldaezina” izango da. “Aurkeztutako lanek maila egokirik ez balute, sariak eman gabe gera litezke”. Mutrikuko Udalak beretzat gordetzen du saritutako lanak argitaratzeko eskubidea, egileen izenak aipatuta, betiere”. Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehigarri guztia udalaren webgunean daude eskuragarri.