Etxelilaren urteurrena ospatzen
Bisit Beirori omenaldia eskaini diote; lagun eta senideak bildu dira Etxelilan.
Etxelilaren hamargarren urteurren jaia ospatzen ari dira Ondarroan. Egun osoko egitaraua antolatu dute Ondarroako feminismoaren gunearen ospakizunak behar bezala burutzeko asmoz.
Goizean goiz abiatu dituzte ekimenak, Gorka Lersundik bideratuta, Ondarroako emakumeen eta mugimendu feministaren memoriaren ibilbidea egin dute aztarnen bitartez. Ondarroako emakumeen historiari buruzko xehetasunak eman ditu Lersundik, eta “talde polita” batu da, gidariaren esanak entzun eta aktiboki parte hartzeko. Datu interesgarriak atera dira, tartean, arrantzaleen kofradia bateko buru izatera heldu zen lehenengo emakumea ondarrutarra izan zela, zehazki, Ondarroako kofradiako buru izan zen, XIX. mendean.
Ibilbidea Etxelilan amaitu dute, eta eguneko unerik berezienari ekin diote. Egitarauaren barruan ez zegoen arren, sorpresa gisa egin dute; Bisit Beirori omenaldia. “Emakume feminista eta borrokalaria. Emandako guztiagatik, lortutako guztiagatik”, Beiroren lana eta indarra balioan jartzeko asmoz, omenaldi xume eta beroa eskaini diote, eta xafla bat ezarri dute Etxelilako goiko solairuan. Senide eta lagunak bildu dira une “hunkigarri bezain berezian”. Izaro abeslariaren Paris abestia eskaini diote, gitarragaz.
Ondoren, jai giroari heltzeko unea ailegatu da, kalejira abiatu dute Goxo Txarangak girotuta. Ondoren, bazkaria egin dute Etxelila. Egunagaz amaitzeko, Magma mia! Bakarrizketa eskainiko du Beatriz Egizabalek.