Unai Zubeldiak irabazi du Berriatuko 42. San Gregorio Saria
Laboral Kutxa taldeko txirrindularia izan da lehenengoa helmugaratzen, bere taldekide Iker Mintegiarekin batera; denbora berdina eginaz.
Berriatuan lehiatu da Elite eta 23 urte azpiko 42. San Gregorio saria, hain zuzen ere, Euskaldun Txapelketako hirugarren lasterketa izan da. Berriatuko txirrindulari elkarteak antolatzen duen proba ohi bezain gogorra izan da txirrindularientzat, beste behin ere, ikuskizuna eta emozioa ziurtatuz.
175 txirrindularik izena eman zuten proban, eta metatik atera direnak ere zenbaki horretara hurbildu diren arren, 32 izan dira helmugara heltzea lortu duten kirolariak. Ibilbide malkartsu eta gogorrak, euriarekin bat egitearen emaitza izan da.
Gogor atera dira metatik txirrindulariak, baina ohi legez, mendateak igaro ahala, denborak bete ez eta, txirrindulariak bertan behera geratuz joan dira. Lauko taldeak ihesaldia abiatu du, Laboral Kutxako bi txirrindulari eta Finisher taldeko beste bi izan dira, Ondarroatik egindako azken igaroaldian mantenduz. Baina Mendexako igaroaldiaren ostean, Zubeldia eta Mintegiak eutsi diote eta eskutik helduta helmugaratu dira taldekideak. Hiru ordu, 12 minutu eta 07 segundoko denboran amaitu dute lasterketa Unai Zubeldiak eta Iker Mintegik, biak ala biak, Laboral Kutxa-Fundacion Euskadiko txirrindulariak. Finisher taldeko Pablo Carrascosa izan da hurrengoa helmugara heltzen, podiuma osatuz, hiru ordu, 13 minutu eta 19 segundoko denboragaz.
Mendiko sailkapenean, Mikel Mintegi sailkatu da lehenengo, eta tarteko-helmugakoan, Caja Rural-Aleako Samuel Fernandez. Taldekako saria, berriz, Laboral Kutxarentzat izan da. Eskualdeko lehenengo helmugara heltzen, Basque Teameko Beñat Onaindia izan da.