Hondakinei buruzko argazki lehiaketa abiarazi dute Lea Ibarran
Martxoaren 24a da Lea Ibarreko herriek antolatutako lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal ditu.
Lea Ibarreko udalerriek argazki lehiaketa antolatu dute hondakinen prebentzioa bultzatzeko eta birizklapena eta ingurumenaren babesa sustatzeko. Herritarrek martxoaren 24a dute argazkiak bidaltzeko azken eguna. Irabazleari 100 euroko balioa daukan otarra emango diote.
Argazkiak ondoko posta elektronikora bidali behar dira: mankomunazgoa@gmail.com. Azaldu dutenez, parte hartzaile bakoitzak gehienez ere 3 argazki aurkeztu ahalko ditu. «Helburua da hondakinen prebentzioa eta biriziklapenagaz zerikusia duten jarduerak ikusaraztea», esan dute antolatzaileek. Argazkiak bidaltzerakoan, posta elektronikoaren gaian Leabirziklatzailea argazki lehiaketa ipini behar dela esan dute.
Leabirziklatzailea ekimenari buruzko informazio hitzaldia egingo da martxoaren 15ean (eguaztena), 19:00etatik 20:00etara, Aulestiko udal aretoan
Argazki irabazlea aukeratzeko bozketa fasea zabalduko dutela aurreratu dute; martxoaren 25ean eta 26an eman ahalko da botoa Lea Ibarreko Mankomunitateko webgunean. Irabazlea boto gehien jasotzen duen argazkia izango dela esan dute.
«Martxoaren 27tik aurrera jakinaraziko da zein argazkik irabazi duen lehiaketa; argazki irabazlea bidali den posta elektronikora bidaliko da mezua». Eta mezu hori jasoaz batera, argazkiaren egileak mezu pribatu bat bidali beharko du Lea Ibarreko Mankomunitateko posta elektronikora. «Mezu horretan izena, bi abizenak, posta elektronikoa eta nortasun agiriaren kopia bidali beharko ditu». Mezu hori bidaltzen ez bada, saria erreserba moduan dagoen lehenengoari emango zaiola esan dute. Saria jasotzeko irabazleak Lea Ibarreko Mankomunitatearen bulegoetara joan beharko du martxoaren 30ean edo 31n.
Hitzaldia, Aulestin. Bestalde, Leabirziklatzailea ekimenari buruzko informazio hitzaldia egingo da martxoaren 15ean (eguaztena), 19:00etatik 20:00etara, Aulestiko udal aretoan.