Markina-Xemeingo bederatzi taldek Errigoraren kanpaina babestu dute
Kanpainagaz bat egiteaz gain, Errigoraren balioekin bat egin eta herritarrak eskaerak egitera animatu dituzte. Eskaerak egiteko hiru bide zehaztu dituzte.
Ondokoak dira Errigoraren udaberriko Nafarroa hegoaldeko uzta, eskutik eskura kanpainagaz bat egin duten Markina-Xemeingo taldeak: Markina BHI, Bekobenta eskola, Markina-Xemeingo Guraso Elkartea, Bera Kurutz ikastolako guraso elkartea, Oizpe guraso elkartea (Bekobenta eta Markina BHIko guraso elkartea), Markina-Xemeingo AEK, Markina-Xemeingo EH Bildu, Ikama ikasle antolakundea eta Markina-Xemeingo Udala (Euskara Batzordea).
Aho batez esan dute Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra dela. “Nafarroa hegoaldea eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den eremuan eragin nahi du, eremu horretatkoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz”.
Kanpaina babesteaz gain, Errigorak aurten martxan jarri duen berme zigiluak jasotzen dituen lau balioekin ere bat egin dute (bertakotasuna, esukara, auzolana eta nekazariekiko harremana). Azpimarratu dute zigilua Nafarroa erdialdeko eta Erriberako ekoizleekin urteetako lana eta konpromisoa sakontzeko asmoaz sortu dela zigilua.
Bide horretatik, herritarrak eskaerak egitera animatu dituzte: Markina-xemeindarrek eta etxebarritarrek Internetez, posta elektronikoz (markina@aek.eus / errigora@markinabhi.org ) edo telefonoz (607 59 62 61 – Markina-Xemeingo AEK euskaltegia) egin ditzakete eskaerak.
Noiz eta non jaso? Aurreratu dute apirilaren 22an goizez Bekobenta eskolako frontoian egingo direla banaketak.