Herriaren argazki erreala eskaintzen du, emisioak eta kontsumoa aintzat hartuta, eta horiek murrizteko neurriak proposatu. Udala Barrizar enpresagaz elkarlanean aritu da.
Munitibarko Udalak, Barrizar aholkularitza energetikorako enpresagaz elkarlanean, udalerriko energia plana plazaratu du, eta herritarrei aurkeztu die. Munitibarko energia plana egituratzerakoan, 2018a hartu dute erreferentziazko data legez. Urte horretako Munitibarren energia ohituren zein kudeaketaren argazkia egin dute. Besteren artean, 2018ko energia kontsumoa eta sortutako emisioak neurtu dituzte, horiek zelan apaldu zehazteko. Hori gidalerro legez hartuta, 2040rako helburu estrategikoak finkatu dituzte: energia berriztagarrien erabilera %40 areagotzea eta emisio kopurua %60 murriztea.
Helburu horiek lortzeko, ekintza plana gorpuztu dute. Batik bat, hondakinen kudeaketa “eraginkorragoa” izan beharko da, zehaztu dutenez. Horregaz batera, tokiko garapen jasangarrirako moldaketak egiteko beharra ere aipatu dute, energia berriztagarrien ekoizpena sustatzeko beharrizana nabarmentzeaz gain; ekoizpen hori, hain zuzen ere, “bai alor publikoan, bai pribatuan” egin beharko dela azpimarratu dute teknikariek.
Udalak aurrera eroango dituen egitasmoen artean, lehenik eta behin, Munitibarko espazio handietako (esaterako, frontoiko) argiteria tradizionala led argiteriarengatik aldatzea aztertzen ari dira. Azaldu dutenez, led argiteria “eraginkorragoa izateaz gain, jasangarriagoa ere bada”. Argiez gain, frontoia energia planeko beste neurri baten habitat izango da: panel fotovoltaikoak instalatzea. Herritarren artean kontsumo arduratsua eta energetikoki jasangarria bultzatu asmoz, auto elektrikoak kargatzeko gunea ipintzea ere neurrietako bat izango da.
Biomasa bidezko sistema hornitzeko, ezpalak eta pelletak erabiliko dituzte
Biomasa bidezko sistema. Elexalde inguruan kokatutako eraikinek “nolabaiteko elkarlana” egin dezaketela adierazi zuten adituek, berotasuna bide jasangarriagoetatik eskuratzeko; bide horietako bat, hain zuzen, biomasa da. Elexalderako planteatu duten sistemak eremu horretako eraikin desberdinen arteko konexioa ezarriko du, argitu dutenez: “Egur bidezko berotasun sistema izango da. Ahalik eta mantentze nahiz kudeaketa ardurarik gutxien emateko asmoz, sistema hori automatizatua izatea litzateke egokiena. Beste berba batez: ez gara etengabe egon beharko sistema egur hornigaiz kargatzeko arduragaz”. Bestalde, biomasazko sistema hori hornitzeko erabiliko dituzten egur motak zeintzuk izango diren ere zehaztu dute: ezpalak eta pelletak.
Berotasun sistemaren funtzionamenduari dagokionez, ondorengoa litzateke: hornigai materialak sortutako konbustioak ura berotuko luke, eta ur bero hori instalazio batetik bestera igaroko litzateke; era berean, aurreratu dute interesgarria litzatekeela ur beroa biltegiratzeko aukera egotea, berehala eskuratu ahal izateko. Ez hori bakarrik: Munitibarko Udalak kudeatu ahalko luke hornidurarako erabiltzen den egurra. Modu horretan, “aurrerapauso handia” egingo lukete bai udalak, bai herritarrek: “Udalak energia menpekotasuna, ildo horretan behintzat, murriztu egingo luke; munitibartarrek, ostera, hornidurarako egurraren prezio egonkorra edukiko lukete. Interesa, beraz, alderdi bietakoa litzateke”.
Udaletxean energiaren auziaz arduratuko den teknikari bat kontratatzea ere baloratzen ari dira
Beste alde batetik, Barrizarreko lantaldekoek argi eta garbi utzi dute “nahitaezkoa” dela jasangarritasuna eta energiaren inguruko ardura herritarren egunerokotasunaren “erdigunera” eroatea. Udalerriko difusio sarea gai horiei buruzko informazioa partekatzeko bide egokitzat jo dute, eta udaletik adierazi dute “aztertu egingo dutela” udaletxean eginbehar horiez arduratuko litzatekeen teknikari bat kontratatzea. Herriko zenbait instalazio mankomunatu bihurtzea ere planaren zati da: “Herriko eraikin bat herritar askok erabiltzea interesgarria da, partekatzea eta jasangarritasuna sinonimoak baitira ia beti”.
Gainera, energia komunitate baten sorrerak, “inguruko beste hainbat eta hainbat udalerritan bezalaxe”, onura handia egingo lukeela adierazi dute Barrizarreko kideek: “Energiaren auzia herri mailara hedatu beharreko kontua da. Munitibartarrek, bakarka funtzionatuz, emaitza partikular politak lortu ditzakete jasangarritasunari eta aurrezpenari dagokionez; dena dela, herri gisa lan eginez, emaitza horiek are agerikoagoak eta azpimarragarriagoak lirateke”. Izan ere, udalak herriko jasangarritasunaren mapan duen eragina %7koa da. Hori horrela, teknikariek argitu dute herritarren lana “ezinbestekoa” dela, urratsak ematen jarraitzeko.
Klima aldaketaren aurrean egokitzapenak egitea da energia planeko beste puntuetako bat. Ildo estrategiko bi proposatu dituzte: biodibertsitatea sustatzea eta ur hornidura bermatzea. Lehenengoa udala garatzen ari den baso eredu jasangarrirako planagaz lotuta dago; bigarrena, lehorteen aurkako planagaz. Euri uraren aprobetxamendua du oinarri plan horrek.
Bi urterik behin, energia planaren jarraipen txostena idatziko dute
Norbanakoei dagokienez, etxeetan hartu daitezkeen neurriak proposatu dituzte Barrizarrekoek: energia berdea kontratatzea, panel fotovoltaikoak instalatzea, led argiak ipintzea, gailuak programaturik uztea, kolektore termikoak erabiltzea, aerotermia lantzea, bero ponpak erabiltzea, eta abar. Barrizarrekoek eta udalak bi urtean behin planaren jarraipen txostena idaztea adostu dute. Bertan laburtuko lirateke egindako ekintzak, harturiko neurriak, kontsumoaren bilakaera zein emisio kopuruena. Txostenaren helburua egoeraren balantzea egitea eta etengabeko hobetzea bultzatzea dira. Planeko jomugak “lortzeko modukoak” direla adierazi dute, baina “gaitza” izango dela eta “herri osoaren inplikazioa” eskatuko duela azaldu dute.