Iaz estreinakoz antolatu ostean, aurten Kinttopeko sari nagusia errepikatuko dute.
Etxebarriko Udalak beste urte batez jendea erakarriko du herriko frontoira Pazkoetako idi probekin. Izena emateko eguna martxoaren 19a izango da goizeko 12:00etatik 13:00etara telefono bidez udaletxera deituz: 946166432. 68. Sari Nagusia apirilaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko da eta Kinttopekoa apirilaren 15ean, 16an eta 17an. Guztira, 20.000 euro inguru banatuko dituzte sarietan. Bi probetan 1.500 kiloko harri bera erabiliko dela ajkinarazi dute antolatzaileek.
Iaz lehen aldiz Kinttopeko sari nagusia antolatu ostean, aurten errepikatu nahi izan dute. Billabaso bilbotarrek lortu zuten lehen postua estreinako txapelketan 49 untzeko markagaz. Sari handiak daude beste behin, irabazleak 1300 euro irabaziko ditu eta Olaia jatetxearen manta. Lehenengo zortzi sailkatuek jasoko dituzte sariak, gainontzekoek 500 euro lortuko dituzte dietetan, gutxienez 25 untze egiten badituzte.
Idi proben sari nagusia 68. aldiz lehiatuko da. Iaz Benguria bermeotarrak lortu zuen garaipena 53 untze eta erdi osatuta. Sariak iazko berdinak izango dira. Txapeldunak 1600 euro irabaziko ditu eta Ituarte pentsuakeko manta. Lehen hamabi sailkatuek jasoko dituzte sariak, eta kinttope lehiaketan bezala, gainontzekoei dietetan 500 euro banatuko zaizkie, betiere 25 untze osatzen badituzte. Horrez gain, Lea-Artibai eskualdeko lehenbizikoak 300 euro eta Ezenarro aroztegiaren akuilu-sorta lortuko ditu.
Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren kontrolpean egongo da antolaketa. Jakinarazi dutenez, parte hartzaileek antidopin arauak bete beharko dituzte eta hurrengoko baldintzak bete. Idi pare guztiek 1140 kiloko pisu oinarria edukiko dute, eta idi buztarri bakoitzak akulari bi eraman beharko ditu. Bikote bakoitzaren eguna antolatzaileek aukeratuko dute, eta partaideak onartzeko eta baztertzeko eskubide osoa edukiko dute. Idiak 10:00etan pisatuko dituzte, dagozkien egunean.