Etxaniz eta Beitia, Emakume Master Cupeko txapelaren bila
Domekan [martxoak 19] Arrigorriagako frontoian jokatuko dira elite mailakoak ez diren finalak.
Emakume Master Cup ez da bakarrik eliteko txapelketa, askoz gehiago da. Eta hori irudikatu nahi dute domekan [martxoak 19] 11:00etatik aurrera Arrigorriagako frontoian. “Hala nahi duten emakume guztiek euren nahi eta beharrak aseko dituzten egokitutako erreferentziazko txapelketak eskaintzea. Horixe izan da, bere sorreratik, Emakume Master Cup egitasmoak izan duen helburu nagusia. Emakumezkoen esku pilotak beste hamaika errealitate biltzen ditu bere baitan eta goi-goi mailakoak ez diren beste errealitate horien erakusleiho bihurtuko da Arrigorriaga”, esan dute antolatzaileek.
Leire Etxaniz etxebarritarra eta Olatz Beitia lekeitiarra bertan izango dira. Etxebarritarrak nagusien goxua txapelketako txapela bilatuko du Nagore Aramendigaz batera. Partidarik galdu gabe iritsi dira finalera, multzokako fasean 18-4 irabazi zieten Haizea Marijuan eta Irati Arozenari eta 18-11 Ania Oronoz eta Marie Goienetxeri. Hain zuzen ere Iparraldeko bikotea izango dute aurkari finalean. Finalerdietan 18-3ko emaitzagaz lortu zuten garaipena Uxue Perez eta Amaia Zarrabeitiaren aurka. Final “gogorra” aurreikusten du Etxanizek: “Orain arteko partidak horrelakoak izan dira, ia ordubetekoak. Guk estrategia berdina erabiliko dugu, hau da, lehia ahalik eta gehien luzatu nahi dugu, haiek nekarazteko. Ikusi dugu nekatzen direnean akats gehiago egiten dituztela eta guk aukera gehiago ditugula aurrean tantoa amaitu ahal izateko”.
Beitiak bide malkartsuagoa izan du finalera arte, oro har lehen mailako pilota mistoko txapelketa gorabeheratsua izan da. Lesioak eta elite mailarako ordezkapenengatik ezin izan dute txapelketa normaltasunagaz aurrera eraman. Azkenean aurrelari eta atzelari onenen sailkapena egin dute eta tartean dago lekeitiarra aurreko koadroetan. Arrate Bergara izango du bizkartzain Madalen Etxegarai eta Irati Zabalaren aurka.