Lore Elkoro eta Urko Galdos: "Bertoko basoak berreskuratuta gizarte osoak irabazten du"
Hostozabalegaz hitzarmena sinatuta, bere jabegoko lur sailean bertoko basoa sortzearen alde egin du Lore Elkorok. Gainera, baso horren kudeaketa jasangarria bultzatuko dute Hostozabalek eta Elkorok.
Azkenaldian gero eta gehiago dira bertoko basoak berreskuratzeko egiten diren ekimenak. Horren adibide da Berriatuko Hostozabal elkartearen egitekoa, eta Urko Galdos Arrillaga elkarteko kidea da. Lore Elkoro Arrizabalaga, ostera, Berriatuko Asterrika auzoan bizi den lur jabea da, eta Hostozabalen helburuekin bat eginda, elkartearen esku utzi du bere jabegoko lur eremu bat bertan bertoko basoa sortzeko.
Zelan sortu zen bion arteko harremana?
Lore Elkoro: Auzoko batek komentatu zidan Berriatuan talde bat existitzen zela bertoko basoen alde lan egiten zuena. Nik lur sail bat neukan, pinuekin eta abar, baina utzita neukan. Hostozabalen eskuorria ekarri zidaten, eta taldearen filosofiagaz bat egiten nuen. Haien lana polita iruditu zitzaidan, eta eurengana jo nuen.
Eta zein da Hostozabalen filosofia?
Urko Galdos: Lorek pinuak zituen lur sail horretan, eta moztu egin nahi zituen. Baina gero ez zekien zer egin. Hostozabaletik bertoko espezieak landatzea aholkatu genion. Dena dela, bertoko basoa berreskuratzeaz gain, landaketa ere ez dugu modu tradizionalean egiten. Ikusten dugu lur sailean berez zer datorren, zer sortzen den (urkia, haritza…), eta laguntza behar badute, lagundu egiten diogu.
Zelan laguntzen da?
U.G.: Espezieak berez haztean, lur sailean hutsuneak gertatzen dira, eta guk eremu horietan egiten ditugu landaketak.
Bertoko espezieak landatzeak ze onura dakar?
L.E.: Alde batetik, bertoko paisaia asko aberasten da. Hemen inguruan baso eder gutxi aurkitzen dira. Eukaliptoaren edota pinuaren ordez bertoko espeziea landatzeko aukera edukitzea ona da.
Lore Elkoro: “Ekoizpen aldetik nik ez dut lur eremu horretatik irabazirik aterako, baina beste irabazi batzuk aterako ditut”
Ez gara konturatzen bertokoak ez diren espeziez inguratuta bizi garela?
U.G.: Ez. Eta gero lurra kudeatzeko modua dago. Baratze bat modura da. Egurraren ekoizpen azkarra nahi da eta, ondorioz, pinua erabiltzen da. Kudeaketa ondokoa da: denak batera landatzen dira, eta urte batzuk pasatutakoan, denak batera mozten dira. Horri basoa deitzen diogu, baina ez da basoa. Basoaren definizioak dio baso batean espezie bat baino gehiago egon behar direla, adin ezberdinetako zuhaitzekin. Eta baso hori urte askoan egon behar da, bertan ekosistema sortzeko. Lur eremu berdeak ditugu, baina ez basoak, eremu horietan ez dagoelako bizitzarik. Desertu berdeak bezala ezagutzen dira.
Eta zein da zuek bultzatzen duzuen kudeaketa eredua?
U.G.: Guk inoiz ez ditugu zuhaitz guztiak batera moztuko. Eta egin dugun hitzarmenagaz ere ez dut uste Lorek ere denak batera moztuko dituenik.
L.E.: Ez, ez nuke egingo larrialdi bat gertatuko ez balitz. Ekoizpen aldetik nik ez dut lur eremu horretatik irabazirik aterako, baina beste irabazi batzuk aterako ditut. Ni joango naiz eremu horretara, eta ikusiko ditut zuhaitzak hazten. Toki ederra geratuko da.
Zeren arabera erabakitzen da zein zuhaitz moztu eta zein ez?
U.G.: Elkarte modura guk kudeatzen ditugun lur eremuak kontserbaziorako ari gara bideratzen. Landatu eta, printzipioz, ez ditugu moztuko. Urteak pasatzen direnean, jabeak erabakiko du sasoiko legedia kontuan hartuta zer moztu. Guk eskatuko dioguna da dena batera ez mozteko. Urte batean hamar moztuko ditu, eta bi kamioikada egur aterako ditu. Eta hamar urtera beste hamar moztuko ditu. Baina hamar urte atzerago moztutako lekuan berriak hazten egongo dira, eta horrela lortzen da altuera ezberdineko baso bat. Baso naturala litzateke ezer ez moztea, eta haizeak botatzea, berez usteltzea… Guk jakin badakigu ezin direla lur eremu guztiak kontserbaziora bideratu, egurra kontsumitu egiten dugu eta. Baina eukaliptoaren kudeaketak inplizituki darama dena batera moztea, bestela ez da errentagarria.
L.E.: Mendexa ingurura joanda, bistan dago dena batera ari direla kentzen. Iazko udan inguru horretara ezin zen joan ere egin; sekulako beroa egiten zuen, eta ez zegoen gerizperik ere.
Zer jasotzen du zuen artean sinatu duzuen kontratu horrek?
L.E.: Hogei urtean landatutako espeziei hazten utziko zaiela, ez dela ezer moztuko, ezta makinarik sartu ere. Dena dela, bi aldeek egoera berraztertzeko aukera daukate; hori ere hitzarmenean dago jasota.
Zergatik utzi norbere lur eremuaren kudeaketa elkarte baten esku?
L.E.: Ez zarelako heltzen, indarrik ez duzulako, edo ezagutzarik ere ez duzulako…
U.G.: Lur jabearentzako lan gogorra dena guk egiten dugu, eta denok irabaziko dugu. Ona da haizearentzako, klima aldaketaren kontra egiteko, biodibertsitatea sortzeko… Onura asko ditu. Uraren arazo asko ere hortik datoz. Lur eremu txikiak modu jasangarrian kudeatuz, gutxinaka-gutxinaka basoak berreskuratzen joango gara.
Orain arteko kudeaketa ereduak nola kalte egiten dio urari?
U.G.: Eremu batean dauden eukalipto guztiak batera kentzean, lur sail osoa moztuta geratzen da, eta Nahia Gartzia Bengoetxea ondarrutarrak egindako ikerketak erakusten duen modura, euria egiten duenean, nutrienteak dituen eta balio duen lur azaleko lur organikoa errekara joaten da. Tonaka lur emankor ari gara galtzen. Horrez gain, eukaliptoak lurra lehortzen du, eta ez du urik xurgatzen. Beraz, euria egiten duenean, ur guztia errekara joaten da. Lehortea datorrenean, lurrak ez dauka urik, eta errekak ere siku egoten dira. Guri ur murrizketak ezartzen dizkiguten bitartean, eukalipto sail handiak ura edan eta edan ari dira.
Urko Galdos: “Baso batek karbonoa finkatzen du, eta Europako beste herrialde batzuetan tokian tokiko basoak sortzen dituzten lur jabeei ordaindu egiten diete”
Interes asko daude tartean.
U.G.: Noski. Basogintza sektore bat da. Basogintza baino, egurgintza, hobeto esanda. Egurra ekoiztu egin behar da. Albo-kalteak gizarteak ordaindu ditzala. Urik ez dagoela eta, ekarriko dute urez betetako itsasontzi bat Santurtziko portutik Bermeora, eta hori denok ordainduko dugu. Mozten dituenarentzako diru irabaziak dira, baina sortzen dituen kalteak denok ordaintzen ditugu.
Eukaliptoa landatzeko debekua ezarri zuten.
U.G.: Pandemia oso ondo etorri da landaketak egiteko. Inor gutxik ikusten zuen zer zeuden egiten. Baina debeku hori hiru urterako da. Dena dela, nik jendea animatuko nuke bertoko espezieak landatzera, epe laburrera horregatik ordaindu ere egingo dutelako. Baso batek karbonoa finkatzen du, eta Europako beste herrialde batzuetan tokian tokiko basoak sortzen dituzten lur jabeei ordaindu egiten diete. Hemen ere horrelako zerbait lortu behar dugu. Lur jabe batek sortutako basoak onura batzuk sortzen ditu, eta lur jabea saritzeko dirua ematen diote.
L.E.: Nik uste dut pinuaren gaixotasuna heldu zenean momentu egokia zela serio jartzeko eta landaketa ereduari buruzko erabakiak hartzeko. Eta konturatu naiz berriro ere inguru asko eukaliptoz bete direla. Pena eman dit horrek.
Hostozabalek zenbat hektarea kudeatzen ditu?
U.G.: Sei hektarea. Eta Loregaz eginda daukagun moduko sei hitzarmen ditugu.
L.E.: Jendeak herentzia bidez edo lurrak jasotzen dituenean eta ez dakienean gai horretaz ezer, niri egokia iruditzen zait horren kudeaketa dakienaren eta helburu zintzoak dituenaren esku uztea.
Ez dakienak nora jotzen du?
U.G.: Jendea basozainen elkartera joaten da. Hori egur sektorearen elkartea da. Horiek egurraren ekoizpen azkarrera bideratuko dute. Guk beste kudeaketa batera bideratzen ditugu, askoz sostengarriagoa eta betegarriagoa.
L.E.: Nik ulertzen dut beste batzuek erabakia hartzerakoan diru sarrerari begiratu diotela, baldin eta hortik bizi badira. Lehen baserrian hori diru sarrera bat zen. Baina ez dut uste gaur egun hortik asko bizi direnik.
Nola animatuko zenituzte beste lur jabe batzuk zuk egin duzuna egitera?
L.E.: Konfiantza osoko proiektu bat dela iruditzen zait. Hostozabal elkarteko kideak herritarrak dira. Ikusten dut lan egiten dutela, ez dabiltzala zorakerietan. Konfiantza ematea da kontua. Nik egin ezin dudana beste batek egiten badu eta helburua bertoko basoa berreskuratzea bada, ezin hobeto. Denok irabazten dugu, gizarte guztiak. Nik onerako zer edo zer egiten badut, beste batek gozatuko du. Beti ezin dira egin gauzak norberak ikusteko, beste batzuek ikusteko ere egin behar dira.
U.G.: 1989an pinuak mozteko sasoian sute handia gertatu zen inguru honetan. Pinuen jabeek lau pezeta kobratu zituzten. Urteak pasatu eta berriro mozteko sasoia heldu zenean, pinuaren gaixotasuna heldu zen, eta berriro ere lau pezeta jaso zituzten. Indarrik gabe eta nazkatuta daude asko. Lurrak saltzen, oparitzen ari dira, oso merke. Eta beste batzuk lurrak merke erosteko egoera aprobetxatu eta eukaliptoa sartu dute. Horren aurrean, ikusi genuen lur jabeei beste alternatiba bat eman behar zitzailela.
L.E.: Konfiantzan dago gakoa. Lur jabe batzuk lurraren jabegoa galtzeko beldur dira. Ez da horrela. Lurrak zurea izaten jarraitzen du, elkarte hauek bertoko basoa berreskuratzeko landaketa baino ez dute egiten. Nik 30 urtean nire lur eremuan egin ez dudana eurek bi hilabetetan egin dute.