Etxanizek eta Beitiak ezin izan dute Emakume Master Cupeko txapela jantzi
Etxebarritarrak eta lekeitiarrak atzo [martxoak 19] jokatu zituzten finalak, Arrigorriagan.
Bi hautagai handi izan arren, Leire Etxanizek eta Olatz Beitiak ezin izan dituzte Emakume Master Cupeko finalak irabazi. Ez dute haien egunik onena izan. Pilota goxoko finala etxebarritarra eta Nagore Aramendi bikotea partidarik galdu gabe iritsi ziren Ania Oronoz eta Marie Goietnetxeren aurkako finalera. Nahi zuten partida kantxaratzea lortu zuten, hau da, partida “gogorra, beti bezalakoa”. Baina kasu honetan estrategiak ez zuen esperotako emaitzarik eman. Lehia oso piloteatua izan zen eta berdindua, ordubete baino gehiago iraun zuen partidak. Etxanizek nahi zuen partida mota atera zen, baina nekea agertu zenean ohi baino akats gehiago egin zituzten. 10-10eko berdinketan aldendu zen Iparraldeko bikotea, azkenean nagusitasunez jantzi zuten txapela: 12-18. Etxanizek nabarmendu du aurkariek haiek baino akats “gutxiago” egin zituztela, hor egon zen gakoa: “egia da bai aurrean eta atzean dominatuta egon garela”.
Beitia lekeitiarrak ere ezin izan zuen askorik egin Arrate Bergara bikoteagaz Madalen Etxegarai eta Irati Zabalaren indar erakustaldiaren aurrean. “Gu baino askoz gehiago izan dira”. Txapeldunek ez dute ia akatsik egin eta “oso fidagarria” jokatu zuten Arrigorriagako frontoian. 11-22 nagusitu ziren.