Idoia Nogalesek eta Julen Etxebarriak irabazi dute Ondarroako IV. Naberan Herri Krosa
228 pertsonak parte hartu dute Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak antolatutako krosean, eguraldiak lagundu ez arren, giro onean.
Jose Mari Naberanen omenezko herri krosak hartu zituen berriz ere Ondarroako kaleak. Laugarren aldiz egin zen domekan [martxoak 19], eta hiru lasterketak batuta, guztira 228 partaide egon ziren: 85 lasterketa handian, 60 ertainean eta 83 txikian.
Eguraldi nahasia dela eta, ezjakintasuna egon zen azken momentura arte, baina, baina, azkenean, giro paregabeaz gozatu zuten krosa ikustera gerturatu ziren guztiek. 11:00etan atera ziren ibilbide luzeko parte hartzaileak Itsasaurretik (7.200m), zerutik euri tanta batzuk erortzen ari zirela. Bi buelta eman zituzten korrikalariek herrian zehar, bat motza eta beste bat luzeagoa. Julen Etxebarria ondarrutarra izan zen helmugara lehenengo iritsi zen korrikalaria. Lehen emakumea, aldiz, Idoia Nogales debarra izan zen. Bigarren sartu zen Ioana Osa ondarrutarra. Lehenengotik azkenera arte, herritarren txalo eta animo artean egin zuten ibilbidea eta modu berean sartu ziren helmugara.
Sailkapen orokorra:
- Julen Etxebarria: 24′:36”
- Peru Robles: 24′:43”
- Koldo Iturraspe: 25′:13”
Emakumeen sailkapena:
- Idoia Nogales: 28′:07”
- Ioana Osa: 28′:41”
- Lide Azkue: 30′:42”
Horiek ez ziren sari bakarrak izan. Podiumetik kanpo iritsi ziren lehen ondarrutarrek ere saria jaso zuten. Eneko Azkarate eta Nerea Zabala izan ziren sari hori jaso zuten bi ondarrutarrak.
Gazteek ere krosa egiteko aukera eduki zuten. 12:15ean hasi zen 1.340 metro zituen lasterketa ertaina, eta amaitu zenean, gazteenek lasterketa txikian parte hartu zuten, 380 metroko ibilbidea eginez. Gogotsu aritu ziren, eta pozik sartu ziren helmugara, bertan zeuden guztien txalo artean.
Lasterketa ertainean eta txikian parte hartu zuten 143 korrikalari gazteek egindako ibilbidean jasotako diru guztia Saharar herriaren aldeko Yaalah elkarteari bideratu zioten.