Lekeitioko Trinkete Txapelketakoek ez dute tradizioagaz hutsik egin
Urteroko irteera kulturala egin dute asteburuan Nafarroako Basaburua eta Imotz bailaretan.
Lekeitioko Trinkete Txapelketa lehiaketatik haratago doan txapelketa da, hori sustatu nahi dute Akarregi Pilota Elkarteko antolatzaileek. Beste urte batez, asteburuan bisita kulturala egin dute Nafarroan. Oskotzeko Pellon Agroturismoan eman zioten hasiera irteerari, bertan jabearen gidaritza eta azalpenekin: “aurten ere herriko txoko interesgarriak ezagutzeko aukera izan dugu, adibidez, eliza, herritarren sozietatea eta bertako txokoak”.
Eskupilota partidak jokatzeko aukera ere izan dute, zapatuan [martxoak 18] Gartzaroneko VI. Torneoan parte hartu zuten. Aurtengo hutsune nagusietako bat Mikel Jaunarena antolatzaile eta txapelketako azken irabazlearen baja izan zen. Belauneko lesioagatik ezin izan duen parte hartu. Herri bakoitzetik hiru bikote aurkeztu zituzten eta denek denek kontra jokatu zuten. Azkenean Lekeitioko Trinkete Txapelketako bi bikote heldu ziren finalera: Telleria eta Foster Moral eta Arrateren aurka.
Markagailuan berdinketak izan ziren nagusi 4-4, 5-5, 10-10 eta ondoren Telleriaren indarra eta bizitasunari esker, aurre hartu zuten irabazleek eta 16-10ra arte alde egitea lortu zuten. Galtzaileak saiatu ziren abantaila murrizten, lau tanto gehiago egin zituzten, baina Fosterren segurtasunak eta azkeneko tantoan Telleriak egindako dejadak markagailua 18-14an utzi zuen. Torneoko jokalari onenaren saria, Mikel Olzak jaso zuen.
Gero, eguna ondo baino hobeto antolatu zuten. Bitxikerien artean Latasako frontoian bisitatzerakoan Iruña, Bilbo, Frantzia eta beste hainbat tokitatik etorritako Vikingo taldeen jardunaldi bategaz egin zuten topo. “Kuriosoa eta bitxia” moduan deskribatu zuten taldekoek.
Atzo [martxoak 19] goizean Lacturale behi granjaren bisita egin zuten. “Esne prozesu guztia ezagutzeko eta bertan dauden 1.000tik gorako behi eta txahal ak zelan bizi eta esnea zelan ematen duten ikusteko aukera izan dugu”.
Irailean Gartzaroneko Toki Alai Elkartekoek eta Imotz eta Basaburuko Kirol Batzordekoek bisita itzuliko diete lekeitiarrei: “asteburu zoragarriagatik gure esker ona adierazteko”