Egun bakarrera muga daiteke VI. Dzanga kayak surf eta waveski topaketa
Asteburu osorako egitaraua prestatu dute, baina domekarako [martxoak 26] eguraldi eta itsaso kaskarra daude iragarrita. Izena emateko epea eguenean [martxoak 23] amaituko da.
Mendexako Karraspio hondartzak VI. Dzanga kayak surf eta waveski topaketa hartuko du asteburuan. Dzanga Lekeitioko Piragua Elkarteak Mendexako eta Lekeitioko Udalekin elkarlanean antolatu du ekimena, eta asteburu osorako egun osoko egitarauak prestatu dute. Dena dela, aurreratu dute eguraldiaren ondorioz aztertzen ari direla txapelketa zapatura mugatzea, “azken orduetan domekarako itsasoaren aurreikuspena trakestu egin baita; bost metrora arteko olatuak iragarri dituzte”.
Jatorrizko planaren arabera, zapatuan [martxoak 25] 09:30ean hasiko lirateke kayak surf eta waveski txapelketako sailkapen mangak; 12:00etan 14 urtetik gorakoentzako waveski hastapen ikastaroa egingo lukete; 19:30ean, bideo emanaldia egongo litzateke; 21:15ean, ostera, afaria. Domekan [martxoak 26], berriz, 09:30ean hasiko lirateke finalak. Eguraldi txarragaz, finalak zapatu arratsaldera aldatuko lituzketela esan dute.
Gaur-gaurkoz, 35 lagun inguru daude izena emanda
Antolatzaileek barra kode bat ipini dute eskuragarri mugikorretatik zuzenean izena eman ahal izateko. Gaur gaurkoz, 35 lagun inguru daude izena emanda, baina horietako batzuek “proba bat baino gehiago” egingo dituztela argitu dute. Beraz, “oso pozik” agertu dira kopuru horregaz. Eguena [martxoak 23] da izena emateko azken eguna.