Maria Itxaustegi: "Esploratzailearen ideia aldatu egin da"
Ondarroako Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, 'XXI. mendeko esploratzaile baten bizitza, Antartikatik gure itsas ondoraino' hitzaldia eskainiko du astelehenean [martxoak 27], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Antartikan ibiltzen zara belaontzi bateko espedizio gidari. Zein da zehazki zure egitea?
Espedizio gida bezala aritzen naiz, toki exotiko polarretan espezializatua nago. Segurtasunez eramaten ditut bidaiari eta zientzialariak leku bereziak ikustera: pinguinoak, glaziarrak, albatrosak… Urtean sei hilabetez, gutxi gorabehera, aritzen naiz espedizioak egiten eta bidaiatzen eta pare bat bidaia berezi egiten ditut bi hilabete ingurukoak.
Bi hilabetez toki exotikoetan ‘isolatuta’ egoten zarete. Nolakoa da sentipen hori?
Ni oso gustura egoten naiz, baina bidaiariengan eboluzio bat nabaritzen dut. Hasieran batzuk gaizki pasatzen dute, mugikorrari begira aritzen dira, nahiz eta ez duten inongo seinalerik, teknologia hutsune bat dute. Pixkanaka benetako harremanak garatzen hasten dira; aurrez aurre hitz egiten, sentimenduak adierazten, eskulanak egiten… Hortaz, bidaiaren bukaeran beti eskertzen diguten nolabaiteko “isolamendu” hori, sare sozialik gabekoa. Nire ustez guztiz beharrezkoa da bidaia horietan Internetik gabe egotea, bizitzen ari zaren hori bizitzean arreta osoa jartzeko, eta ez gainontzekoei horren berri ematean.
“XVI. mendeko itsasontziei buruz aritzean, %95 ziurtatu nuen hondoratutako itsasontzi haiek Euskal Herrikoak zirela”.
Horrez gain, itsaspeko arkeologian aditua zara.
Urteko gainontzeko sei hilabeteak ikerkuntzan aritzen naiz. Lurrazaleko arkeologia arruntean bezala, itsaspean ere arkeologia egiten da, itsasontzi hondoratuekin edota hiri hondoratuekin etab. Pasaden urtean, adibidez, ikerketa batetik abiatuta Euskal Herriko aingura litikoari buruzko liburu bat argitaratu zidan Oxfordeko Unibertsitateak. Gipuzkoako aingura litikoari buruz egindako ikerketan Oxford interesatuta egotea izugarria izan zen, lorpen handia izan zen eta oso pozik nago.
“Gaur egungo esploratzaileak beste modu batekoak gara, eta zer nolako gauzak aurki ditzakegun azalduko diet entzuleei”
Gaur egun zein ikerketa duzu esku artean.
Une honetan, West Floridako Unibertsitateagaz (AEB) sinatu dut hitzarmena. 1557ko ontziteri bat aurkitu zuten itsaspean, Tristan de Luna nabigatzailerena, Espainolen lehendabiziko saiakera egin zuen Florida konkistatzeko. Tristan eta zazpi itsasontziak Floridara ailegatu, kokalekua egin eta urakan batek suntsitu egin zituen, baita ontziteri osoa ere. 2015ean kolaborazio bat egin nuen unibertsitatearekin, eta itsasontzi horiei buruz nire iritzia azaleratu nien, hau da; XVI. mendeko itsasontziei buruz aritzean, %95 ziurtatu nuen hondoratutako itsasontzi haiek Euskal Herrikoak zirela. Lanean hasi eta agertu ziren izenen artean Pedro Andonaegi bat zegoela ikusi nuen, Deba inguruan familia zuena. Teoria bat abiatu nuen hortik, eta orain hitzarmena sinatu dugu teoria hori fundamentuz sustatzeko.
Ondarroako hitzaldiari begira zeintzuk izango dira landuko dituzun gaiak?
Nire Antartikako azken bidaiari buruz hitz egingo dut. Argazki profesionalak ateratzen ditut, hortaz, argazkiak eta bideoak erakutsiko ditut. Hitzaldietan gauza asko ez kontatzearen aldekoa naiz, istorio polit eta berezi bat modu egokian kontatzea gustatzen zait: Antartikara belaontzi ekologiko batean joatea zer nolakoa den, zer ikusi dezakegun, nire lanak zertan datzan espedizio gida bezala, eta zer esan nahi duen 2023an esploratzaile bat izatea. Esploratzailearen ideia aldatu egin da, Shakleton eta Middleton izenak entzuten dira, baina gaur egungo esploratzaileak beste modu batekoak gara, eta zer nolako gauzak aurki ditzakegun azalduko diet entzuleei.