Ispasterko eskolaren eraberritzea "bidean" da
Ispasterko Udala, Ispasterko Guraso Elkartea eta herriko eskolako komunitatea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz elkarlanean ari dira, eskolaren eraberritze lanen proiektua garatzeko.

Ispasterko Udala lanean ari da herriko eskola eraberritzeko eta egungo garaietara zein beharrizanetara egokitzeko. Duela bizpahiru urtetik, Eusko Jaurlaritzagaz elkarlanean ari da udala, “XXI. mendeko eskola lortzeko”. Tarte horretan hainbat bilera egin ondoren, martxoaren 9an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariekin elkartu ziren udal ordezkariak, eta eraberritze horren aurreproiektua aurkeztu zieten. Ostean, eskolako ordezkariei, Ispasterko Guraso Elkartekoei eta udalari aurreproiektu horri ekarpenak egiteko aste biko epea eman zioten. Eta orain egiteko horretan murgilduta daude.
Proiektu horrek eskolako eraikinaren eraberritzea du ardatz. Ispasterko alkate Garbiñe Saenz de Buruagak azaldu duenez, eraikina “goitik behera” eraitsiko dute, berria eraikitzeko; horregaz batera, jolasgune bat egitea ere aurreikusten dute. Lan horiek egiteko, eskola alboko orubea baliatuko dute.
Instalazio berria egiteko materialei dagokienez, udalak zenbait irizpide zehaztu zituen martxoaren 9ko bileran: “Jasangarritasunaren aldeko hautua egingo dugu. Materialak, hain zuzen ere, 0 kilometrokoak izatea lehenetsiko dugu, baita eskola autonomoa izatea ere”. Alkatearen berbetan, Eusko Jaurlaritzak “kontuan eduki zituen” azaldutako irizpide ildoak, eta proiektua “bidean” da.
Udalak aurreikusten du obrak 2024/2025 ikasturtean abiatzea; “urratsez urrats” lan egiten jarraituko dutela argitu du alkateak
Udalaren ekarpenak jaso ondoren, Hezkuntza Sailak 45 eguneko epea edukiko du proiektuaren oinarrizko bertsioa eta gauzatze bertsioa ontzeko, obren lizitaziorako aldia hasi orduko. Lanak 2024/2025 ikasturtean abiatzea aurreikusten dute udaletik. Epe luzeko proiektua izanda, “urratsez urrats” lan egiten jarraituko dutela argitu du alkateak, alderdi guztien ekarpenak jasota: “Guraso elkartearen eta udalaren iritzia guztiz beharrezkoa den arren, irakasleen komunitateak pentsatzen duena bereziki esanguratsua da, kolektibo horrek baitu eskolako eguneroko funtzionamenduaren edota egituraren berri”.