Lekeitioko Udalak ostalaritzako terrazen ordenantza eguneratu du
Pandemia garaian moldaketak egin zituzten murrizketei egokitzeko. Herritarren ekarpenak jaso dituzte.
2021ean ostalaritzaren araubideak zehazteko ordenantza bat prestatu zuen Lekeitioko Udalak pandemiaren ondorioak “errazteko asmoz”. Ordenantza horren bidez, beste batzuen artean, ostalaritzako terrazak handitzeko aukera zabaldu zuten, beti ere baldintza batzuk betetzen zirelarik eta pandemia egoera igarota ordenantza egokituko zelan adieraziz. Orain, ordenantza eguneratu egin dute. “Bide publikoan ostalaritzako terrazak eta horien instalazio osagarriak jartzearen araubide juridikoa eta teknikoa ezartzen dituen ordenantza berria onartu dugu”, esan dute.
Azaldu dutenez, artikulu gehienak “bere horretan” mantendu dituzte. Hori bai, eguneraketan herritarrengandik jasotako ekarpenak gehitu nahi izan dituzte, guztira 19 proposamen jaso dituzte. Aldaketa nagusiak terrazen irekieraren ordutegian, haien instalazioaren baldintza eta muga orokorretan edota lizentzia berria eskaeran daude, orain urteko edozein garaitan aurkeztu daiteke eskaerak. Horrez gain, tabakoaren kontsumoarekiko zorroztasuna aregotzen du ordenantza berriak, debekatuta egongo da erretzea erabilera publikoko gune itxi eta erdi-itxietan. “Gune erdi-itxitzat jotzen dira lokal itxi baten kanpoaldean kokatutako eremu guztiak, baldin eta haien teilatuek edo hormek azaleraren % 50 baino gehiago estaltzen badute eta eremuak etengabe aireztatuak ez badaude”.
Euskararen erabilerari dagokionez, ostalariek eskaintza eta zerbitzuak ezagutzera emateko daukaten idatzizko informazioa euskaraz eman beharko dute. “Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen den kasuetan euskara lehenetsiko da beti, eta itzulpena egiteko beharrizana izanez gero udaleko euskara zerbitzutik laguntza emango zaie hala eskatzen dutenei”.