Apirilaren 30ean egingo da Lekeitioko mendi martxa
Datorren astelehenean [martxoak 27] zabalduko dute izena emateko epea, eta apirilaren 25ean itxi.
Lekeitioko eta inguruko mendizaleek hitzordu berezi bat dute apirilaren 30ean, egun horretan egingo baita Lekeitio-Lekeitio mendi martxa. Lekeitioko Udalak eta Zipri taldeak Gizaburuagako, Mendexako, Amorotoko eta Ispasterko udalekin batera antolatzen dute. Aldez aurretik, berriz, izena eman beharra dago. Martxoaren 27an zabalduko da epea eta apirilaren 25a izango da azken eguna. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egunean bertan ezin izango da izena eman.
Horretarako, bi bide zabaldu dituzte. Batetik, Lekeitioko Udaleko webgunea, edo bestetik, Santi Brouard udal kiroldegian. 14 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu behar dituzte eta adin horretatik gorakoek 15 euro. Berriro ere jende kopuru “handiak” parte hartzea aurreikusten dute. Iaz guztira 863 lagunek eman zuten izena.
Ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte, bi martxetako hasiera herriko plazatik izango da. Ibilbide luzeari 08:00etan emango diote hasiera eta 22 kilometro luze ditu eta 1.100 metroko desnibel positiboa. Santa Katalinako Itsasargia, talaia, Otoio mendia, Kurtzia, Oleta eta Mendexa igaro beharko dituzte parte-hartzaileek Lekeitiora itzuli baino lehen. Beste alde batetik, ibilbide laburrak 11 kilometroko luzera izango du eta 375 metroko desnibel positiboa. Hasiera 10:00etarako dago zehaztuta plazatik, izena ematen dutenek Lea ibilbidea jarraituko dute, Mendexara igo eta berriro Lekeitiora bueltatuko dira.
Ibilbide luzeko parte hartzaileek bi hornidura gune izango dituzte Kurtzian (Ispaster) eta Mendexan, eta laburrekoek bakarra. Horrez gain, 12:45eatik 14:00etara Dr. Palauer taldearen kontzertua egongo da plazan. Ondoren, zozketa desberdinak egingo dituzte. Jakinarazi dutenez, amaieran partaide guztientzat pintxoak egongo dira.