Bilboko Udalak Mikel Lertxundiren 'Topaketa' eskultura erosi du
Hainbat auzo elkarteren eta gizarte eragileren eskariz, Bilboko Udalak Mikel Lertxundi eskultore berriatuarrak 2019an Isozaki dorreen parean ikusgai ipinitako 'Topaketa' eskultura erosi du.
Mikel Lertxundi eskultore berriatuarraren Topaketa eskultura Bilboko ondarearen parte izatera pasatu da. Nahiz eta eskulturak lau urte daramatzan Bilboko Isozaki dorreen parean (Mazarredo zumardiaren ondoan), orain, auzo elkarteen eta hainbat gizarte eragileren eskariz, Bilboko Udalak eskultura erosi du.
2019ko martxoan Lertxundik Elkarketak izeneko kaleko erakusketa egin zuen Bilbon; artista euskaldun batek kaleko erakusketa egin zuen lehendabiziko aldia izan zen. Ekimen horren baitan, eskultore berriatuarrak zazpi eskultura handi ipini zituen Bilboko zazpi leku esanguratsuenetan. Eta Topaketa zazpi eskultura horietako bat izan zen. «Kaleko erakusketa hark oihartzun handia eduki zuen eta bisitari ugari erakarri zituen, batez ere Topaketa eskulturak», azaldu du eskultore berriatuarrak.
Topaketa eskultura desberdinen arteko topaketaren eta batasunaren erakusgarri dela dio Lertxundik: «Material eta gorputz desberdinak elkar eusten eta laguntzen dira, harmonian, lehiakortasun asmorik gabe, modu orekatuan. Elkarren artean, inguratzen duen espazioagaz eta ikuslearekin elkarrizketa ireki eta parte hartzailea sustatzeko bokazioa dauka».