EHko Elite mailako eta IV. Berdel Txapelketako finalistak, argitzeko bidean
Euskal Herriko Gizonezkoen Elite Txapelketako eta IV. Berdel Txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte asteburuan.
Barikutik domekara bitartean, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak goi mailako zesta-punta hartuko du. Bihar [martxoak 24], 19:30etik aurrera, 2023ko Euskal Herriko Elite mailako Gizonezkoen Txapelketako bi finalerdiak jokatuko dituzte. Lehenik eta behin, Alberdik eta Atainek osaturiko bikoteak Gonzalez de Mataukok eta Bailok osaturikoaren aurka neurtuko ditu indarrak. Jarraian, bigarren finalerdia lehiatuko dute: Gonzalez-Uranga bikotea Urreisti-Manzisidorren kontra ariko da.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, elite mailakoen finalerdiak ikusteko, 5 euroko sarrera ordaindu beharko da. Final handiari dagokionez, apirilaren 14an jokatuko dute. Partidu horregaz emango diote amaiera afizionatu mailako hamasei puntistarik onenak elkartu dituen txapelketari. Lehiaketako irabazleek, gainera, Berriatuko Bakarkakoan jokatzeko aukera edukiko dute, datorren azaroan.
Berdel Txapelketako finalerdiak. Elite mailako gizonezkoak ez dira asteburuan Miruaitzen jokatuko duten bakarrak. Izan ere, zapatuan [martxoak 25] eta domekan [martxoak 26] afizionatuen IV. Berdel Txapelketako finalerdietako lehenengoa jokatuko dituzte. Gazte eta nagusi mailakoek jokatuko dute. Zapatuan, 12:00etan, gazteen txanda izango da: Txanton-Aratz bikotea Ekhi-Peru bikotearen aurka ariko da. Maila horretako bigarren finalerdia domekan, 11:00etan, jokatuko dute: Jokin-Xuban eta Mikel-Kanpandegi elkartuko ditu.
IV. Berdel Txapelketako finalak martxoaren 31n jokatuko dituzte
Nagusi mailakoen txanda izango da jarraian. Lehenengo, Aitzol-Paul bikoteak Arandia-Unda bikotearen aurka jokatuko du; ondoren, Vidal-Ureta eta EgaƱa-Argoitia ariko dira zein baino zein gehiago. IV. Berdel Txapelketako finalak, aldiz, hurrengo barikuan [martxoak 31] izango dira.