Euskal Jaia ospatuko dute Ondarroan
Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta egun osoko egitaraua dakar jaiak.
Euskal Jaia ospatuko dute zapatuan [martxoak 25] Ondarroan. Egun osoko egitarau oparoa antolatu dute eta txistulari, dantzari, eta trikitilari, dultzainero eta erraldoien artean 300 lagun bilduko ditu ekimenak. “Motorrak berotzen hasita gaude, geroz eta mugimendu gehiago ikusten da, jendea gogoz dago eta jaia horretarako erabiliko dugu zapatuko jaia, ilusioa biztu eta maiatzera gogotsu heltzeko”.
Ibilaldi kulturalaren barruan, kulturaren transmisiorako ekimen parte hartzaile bat antolatzea ezinbestekotzat ikusi zuten. Horren baitan, Ondarroan hiru dantza talde egon izan dira, baita txistulari, musikariak eta trikitilariak, baina egoera guztiz aldatu eta bestelako egoera batean dagoela ikusirik, Euskal Jaia antolatzea erabaki zuten: “Ondarroan hiru dantza talde izatetik bat bera ere ez izatera igaro gara. Herri bizia izanik alor hori hanka motz gaudela ikusi genuen, eta martxan hasi ginen”. Ikastolan dantza erakusten hasi ziren, dantzari ohiak batu, txistulari eta trikitilariei ateak jo eta ekimen parte hartzaile bat antolatzeari heldu.
Gabon aurretik hasi ziren, eta lan handia eraman duela aitortu duten arren, aldi berean “oso proiektu polita” izan dela. Zazpi zutabe aterako dira goizeko 10:30etan, Ondarroako kale ezberdinetatik; Mutrikuko dantzarien zutabea, Markina-Xemeingo dantzarien zutabea, Lekeitio dantzarien zutabea, ikasleen zutabea, guraso eta nagusien zutabea, joaldunen zutabea, eta DBHko ikasleen zutabea izango dira, azken hauek, dultzainero eta erraldoiekin batera. “Herriko auzo guztietara heldu nahi dugu, leku ezberdinetatik aterako gara ordu berdinean danok bat egiteko Zaldupen”.
Kalez kale ibili ondoren, Musika plazan eta frontoian jarri dute erdigunea. Gainera, jan edana ere ez da faltako; paella, taloa eta berdela jateko aukera eskainiko dute. Horrez gain, eskualdeko ekoizleen azoka egongo da 10:00etatik 15:00etara. “Hasiera batean Alamenda egingo zela jarri bagenuen ere, leku aldaketa egon da eta Musika plazan egingo dugu”.
Hortaz, egun osoko egitarauagaz gozatzeko aukera dakar Ibilaldia 2023 ekimena antolatzeko ardura duen Zubi Zahar Herri Ikastolak. Gainera, musika, dantza eta jan edana nonahi egongo da, eta 3+4=1 leloagaz jantziko dituzte kamisetak. “Duela 45 urte ikastolak atera zuen kamiseta berreskuratu eta gaurkotu dugu, euskara eta euskal kultura ardatz duen proiektua delako gurea”. Parte hartzaileek kamisetagaz aterako dira, Euskal jaiaren ikur bilakatzeko asmoz.
EGITARAUA
- 09:00. Diana txistulariekin.
- 10:00etatik 15:00etara. Eskualdeko Ekoizleekin Azoka Musika plazan. *Leku aldaketa egon da, aurretiaz Alamedan izango zela zehaztu zuten.
- 10:30. Kalez kale Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku eta Ondarroako dantzariak, joaldunak, dultzaineroak, erraldoiak, trikitilariak eta txistulariak.
- 12:30. Kalejira, Zaldupeko zubitik hasita.
- 13:00. Dantza saioa frontoian.
- 16:00. Umeentzako puzgarriak frontoian.
- 17:00. Kantaldia eta dantzaldia, Kittu taldearekin Musika plazan.
- 19:30. Banakotik Larrain dantzara Musika plazan.