Jonny Gerriwelten azken agurra
Ondarroako taldearen ibilbideak bi amaiera izan ditu jada, eta hirugarrena zehaztu dute: zapatuan [martxoak 25] Portuko Ranpan emango diote amaiera Jonny Gerriwelt taldearen ibilbideari.
1998an Oilotokiko lokalean abiatu zen Jonny Gerriwelt taldearen ibilbidea, bateria bat eta baxu bat izanik, punk-oi! abestiak jotzen hasi ziren. Hiru amaiera izan dituen taldeak oholtzan hitzordu ahaztezin bat dauka oraindik: bihar Portuko Ranpan joko dute ibilbideari amaiera emango dion kontzertua. Josu Aranburu, Seber Uribe, Mikel Breixo Fernandez, Joseba Badiola Australianu eta Ibai Albizu igoko dira agertokira, baina taldearen ibilbidearen parte izan den Eihar Uribe ere ez da urrun ibiliko.
Lehenengo kontzertuak 2000. urtean eman zituzten. Bertsioak jotzen hasi ziren, Jonny Gerriwelt and The Fucking Bastards izenagaz, eta 34an eman zuten lehenengo kontzertua: «Hasieran bertsio talde bat ginen, baina segituan hasi ginen geure abestiak sortzen». Aranburu izan da sortze prozesuaren ardura izan duena, letrak zein doinuaren nondik norakoak zehaztu eta lokalera eramaten zituena. «Lehentasuna doinuari eman izan diot beti, eta letra asko ingelesez egin izan ditut, guk kontsumitzen genuen musika gehiena ere ingelesez zelako».
“Musika da gure pasioa, horrek batzen gaitu, magia sortzen digu”
Streetpunk Rockers izan zen bigarren diskoa, eta Living with Class hirugarrena eta azkena. «Aldaketa bat egon zen lehen diskotik azkenera, baina beti eduki dugu argi zein estilo jarraitu nahi genuen». Living with class diskoa da landuena, eta taldearen esanetan, «puntakoena» ere bai: «Soinua, konposaketa eta abestiak borobilagoak dira». Azken diskoak oihartzuna izan zuen, jarraitzaileak izaten hasi ziren, fidelak, gainera, eta taldea ere oso gustura zegoen egindako lanagaz. Taldearen unerik gorenean zeuden, eta hilabetero kontzertu bat ematea adostu zuten, baina hori ere asko bilakatu zen: «Inoiz ez gara izan asko jotzen duen talde bat, eta taldea gorenean zegoenean, lagatzea erabaki genuen».
2010era arte egon ziren martxan, eta ibilbideari erreparatuta, egindako lanagaz harro daude: «Inolako perspektiba barik sortutako taldea zen, eszena egoki bat sortu zen, kontzertu onak eman genituen eta disko onak dauzkagu. Gainera, gure musika entzuteak bete egiten gaitu, hori itzelezkoa da. Hortaz, igarotako lagunarteko momentu on guztiekin geratzen gara».
Gerriweltek agur esan zuen, baina beste talde batzuetan jarraitu izan dute taldekideek. Musikarenganako pasioa erdigunean edukita, 25 urte daramatzate talde ezberdinetan jotzen eta lagun artean musika egiten, hori baita egindako ibilbidearen eta aurretik egiteko dutenaren gakoa: «Musika da gure pasioa, horrek batzen gaitu, magia sortzen digu. Ez bakarrik geure musikak, denak, kuriositateak, taldeak ezagutzeak… Egiten dugunagaz gozatu egiten dugu, oso ondo eramaten gara eta elkarrekin konektatu egiten dugu». Musikaren eszenak batzen ditu taldekide eta lagunak; kontzertuak jotzea, jendea ezagutzea, astero lokalean jotzeko batzea, abesti onak ateratzea, jotzean harro sentitzea eta jendeak egindakoari emandako harrera, horiek dira gakoak. «Gure musika entzuteak bete egiten gaitu, eta hori izugarria da».
“Zapatuan egurra emango dugu, oroitzeko gaba bat izango da”
Taldeak ibilbideari amaiera eman zion, baina Aitzol Aramaioren omenaldirako bueltatu ziren Marabilli Sormen Festibalerako, eta pasaden irailean, Elgetako Josuren Omenaldi Jaialdirako batu ziren: “Josu, Elgetako laguna istripu batean hil zen, eta irailean Elgetan egin zen festibalean jotzeko batu ginen berriz ere”. Elgetan lehenengo kontzertua jo eta beste lau etorri dira atzetik, tartean, Eztanda eta Ekinez Jaialdietan. Azken horretan, hain zuzen ere, 2.500 lagunen aurrean jotzeko aukera eduki zuten: “Beti izan gara lokal txikietan jotzekoak, inoiz ez dugu festibal handietan jo, eta zelai osoa beteta ikusi genuenean… ez genuen sinesten. Oso desberdina da, ikusleak urrun egotean hotzagoa bilakatzen da. Nahiago ditugu leku txikiak, hori da gure giroa. Gu ez gara ikusteko taldea, gu bizitzeko eta abesteko taldea gara, hurbilekoa”.
Ondarrutarren musikak aurrera darrai.
Ranpara begira. Agertoki txikiak begi-puntuan izanik, azken hitzordua leku ezin hobean daukate, eta ahaztezina izango dela ziurtatu daiteke: zapatuan, Ondarroako Portuko Ranpan. Sarrerak kaleratu eta bi ordu eta erdira amaitu ziren: “Esan digutenez, inoiz ez da horrelakorik gertatu Ranpako sarrerekin”. Gainera, herriko Tiro taldeagaz batera joko dute: “Gure anaia txikiak dira, eta musikalki gure estiloaren barruan erreleboa dira”.
Jonny Gerriwelten ibilbidearen errepaso bat izango da: “Jonnyren espiritua islatuko dugu”. Hogei abesti joko dituzte, abesti zaharrak, bertsioak.. eta ezustekoak ere egongo dira. “Leku txikian, lagunartean, gure abestiak abesten… Gure moduko kontzertu bat izango da, egurra emango dugu, eta oroitzeko gau bat izango da”.
Hala eta guztiz ere, bidea ez da amaitzen. Taldekideek musika egiten jarraituko dute, eta hain zuzen ere, Gominols taldeagaz batu dira. «Gerriwelt baino lehenagoko talde bat da, bertsioak jotzen genituen, orain, Paralisis Permanente taldearen bertsioak jotzen ditugu». Hortaz, ez dira oholtzatik jaitsiko. Gainera, hurrengo hitzordua zehaztuta daukate: apirilaren 15ean Etxebarriko Elizpe Rocken joko dute. Ondarrutarren musikak aurrera darrai.