Mutrikuko Berdeak+Independenteak ez da batuko udalak deitutako manifestaziora
Mutrikuko Udalak deitu duen 'Delinkuentziarik ez dugu nahi' manifestazioan ez parte hartzeko hiru arrazoi zehaztu dituzte.
Mutrikuko Berdeak+Independenteak Udal Taldeak bihar [martxoak 24] 18:30ean Goiko Plazatik abiatuko den Delinkuentziarik ez dugu nahi manifestaziora ez batzea erabaki du. “Udal Talde honekin nolabaiteko hurbiltasuna eduki dezaketen herritarrei askatasun osoa aitortzen diegu manifestazioarekin bat egiteko”.
Erabakia arrazoitzeko hiru argudio nagusi zehaztu dituzte. Lehenengoan, delinkuentziaren gaineko kezka erdigunean jarri dute: “Delinkuentzia herritar guztiei kezkatzen gaituen arazo larri bat dela onartzen dugu. Bai Mutrikun eta baita beste hainbat herri, eskualde eta estatuetan. Gure elkartasun osoa kezkatuta eta beldurturik egon daitezkeen Mutrikuko herritar guztiekin”.
Bestalde, manifestazioak foku bakar bat daukala zehaztu dute, hain zuzen ere, “okupatuta dagoen” Sulengua Dorretxea. “Mutrikuko delinkuentziaren iturri bakarra etxe honetan dagoela ematen du. Ez hori bakarrik, bertan dauden pertsona denak ‘delinkuentziaren’ zaku berdinean sartzen ditugu. Formatu honetan antolatzen den manifestazio batean jakina da nola hasten den baina zailagoa da asmatzea nola bukatuko ote den”.
Azkenik, irtenbidea beste modu batean planteatu beharko litzatekeela azpimarratu dute, hain zuzen ere, hainbat urteetan “administrazio guztiok monumentu historikoa den eraikin honekin izan dugun utzikeria, manifestazio batekin baino, herritarren bizkarrean utzi behar ez ditugun irtenbideen bitartez zuzendu behar dugula uste dugu”. Irtenbideen bilaketan etxebizitzaren jabetzak parte hartu beharko lukeela adieraziz.