Joseba Palenzuela: "Herri baketsua izan nahi dugu, eta baketsua ez denak Mutrikun ez dauka tokirik"
Ehunka mutrikuar batu dira gaur [martxoak 24] Mutrikuko Goiko Plazan 'Delinkuentziarik ez dugu nahi' lelopean egin den manifestazioan.
Hainbat etxebizitzetan egindako lapurretak, erasoak eta legez kanpoko beste hainbat gertakari. Azken denboraldian asko gehitu dira delinkuentzia kasuak Mutrikun. Eta horren guztiaren kontra egiteko herritarrak kalera atera dira gaur [martxoak 24]. Nahiz eta mobilizaziorako deialdia udalak egin, ekimena “herri osoaren deialdia” dela azpimarratu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak. Eta hasieratik esan du baita ere mobilizazioa ez dela inongo kolektibo baten kontrakoa. “Urte luzean bizitzen ari garen egoera gogor baten harira dator mobilizazio hau. Azkena atzo gauean gertatutakoa izan da, oso gogorra. Garbi utzi nahi dugu herri honetan inor ez dagoela soberan. Mutriku beti izan da baketsua, eta modu baketsuan bizitzera datozenak gustora hartzen ditugu. Mutrikun denok sartzen gara. Elkarbizitza baten bizi nahi dugu. Elkarren arteko errespetua da gure bizitzaren oinarria. Herri baketsua izan nahi dugu, jende baketsua gara, eta baketsu ez denak ez dauka gure herrian tokirik. Ez dugu delinkuentziarik nahi, eta Mutrikun ere hori aldarrikatzeko momentua heldu da”.
Manifestazioa isilik egiteko eskaera egin du Palenzuelak. “Erakusteko herri baketsu batean bizi garela, herritar baketsuak garela, ibilbidean zehar garena erakusteko eskatzen dizuet. Herri baketsu bat, mutrikuar baketsuak. Liskarrei ihes egiten diogunak”. Ehunka mutrikuarrek bat egin dute udalak egindako deialdiarekin, eta Palenzuelak hori ere nabarmendu nahi izan du. “Hemen gaur ikusi daitekeen irudiak erakusten du etorkizunean Mutriku bakean nahi dugula”.
Manifestazioa isilean egin da, eta moilara helduta, han ere herritarrek Palenzuelak eskatutakoa errespetatu dute. Dena dela, mobilizazioa herritarrek azken denboraldiko delinkuentzia kasuen erruduntzat jotzen dituztenak okupatuta duten eraikinaren aurrean amaitu da, eta momentu batean tentsioa handitu egin da. Izan ere, ustezko errudunak leihora atera dira, eta euretako bat manifestazioan parte hartzen zeuden herritarrak grabatzen hasi da. Herritarrek txistu hotsagaz erantzun diete.