Mutriku Arraun Taldeak jaso du Berdel Aipamena, "herriaren alde lan egiteagatik"
Berdel Eguna ospatu baino astebete lehenago, Berdel Aipamena saria emateko ekitaldia egin dute Mutrikun. Mutrikuko Arte Lagunek egindako horma irudia ere bistaratu dute portuan.

Mutriku eta mutrikuarrak prest daude apirilaren 1ean 26. Berdel Eguna ospatzeko. Eta horren harira, Berdel Aipamena saria emateko ekitaldia egin dute Mutrikun. Aurten sari preziatua Mutriku Arraun Taldeari ematea erabaki dute, “arraun zaletasuna berreskuratzeagatik eta oro har, ezer bueltan espero gabe herriaren alde egindako lan guztiagatik”.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak esan du Berdel Eguna egun bat bakarrik dela, baina hori prestatzeko aurretik lan asko egin behar dela. Eta hain zuzen ere Berdel Aipamena borondatez herriaren alde lan egiten duten horiek omentzeko modu bat da. “Urtero Berdel Aipamena merezi duen batek jasotzen du, eta aurten ere hala da. Mutriku Arraun Taldeak beti herriaren onerako egiten ditu gauzak, eta udalari ere asko laguntzen dio. Portuan herriaren aliatu bat daukagu”. Gaineratu zuen arraun taldeak herriaren izena han eta hemen zabaltzea “harro” egotekoa dela. “Zuek jarraitu tenk egiten, guk bultza egingo dugu eta”. Aitor Itza Kirol zinegotziak azpimarratu zuen arazoa edozein dela ere, Mutriku Arraun Taldea beti dagoela laguntzeko prest.

Peru Vidal Gurrutxaga Mutriku Arraun Taldeko arraunlaria eta Gerardo Graña Mutriku Arraun Taldeko presidentea.
Saria Gerardo Graña Mutriku Arraun Taldeko presidenteak eta Peru Vidal Gurrutxaga arraunlariak jaso zuten. Esker onez agertu ziren biak; Gerardok hitzez adierazi zuen eta saria talde osoarena dela esan zuen. Vidalek, aldiz, bertsoa botata agertu zuen esker ona (bideoan ikusgai).
Baina Berdel Aipamena eman aurretik Mutrikuko Arte Lagunak taldekoek iazko egitea pentsatuta zeukaten horma irudia bistaratu zen. “Horma irudia iazko Berdel Egunerako egin nahi zen, baina ez zenez posible izan, aurten bistaratu dugu”, azaldu zuen Itzak. Horma-irudiari buruzko xehetasunak Nerea Illarramendi Arte Lagunak taldeko kideak eman zituen. “Horma irudi hori 25. Berdel Egunaren harira egin dugu. Eta gure maisu Trekuren lana goraipatu nahiko nuke. Bera barik guk ezingo genuke hori egin”. Hitz horiei, beste hitz batzuekin erantzun zien Palenzuelak: “Behin baten erakutsi zidaten maisu on bat ikasleek egiten dutela. Beraz, bera ona bada, zuek ere beste horrenbeste zaretelako izango da”. Horma-irudia kofradiaren horman dago ikusgai.