Apirilaren 16an egingo da Boga! mendi martxa
Hiru ibilbide izango ditu eta izena emateko aukera zabalik dago.
Boga mendi martxa, Ondarroako Zubi Zahar Ikastolak, Aurrera Mendi Taldearen laguntzarekin antolatutako mendi irteera apirilaren 16, domekan, burutuko da. Hiru ibilbide izango ditu;11 km-koa, 24 km-koa, eta ibilbide luzea berreskuratuko dute aurten, 54 km-koa.
Internet bidezko izen-ematea jada irekita dago boga.aurreramt.org webgunearen bidez eta apirilaren 14a arte egongo da zabalik. Hala ere, egunean bertan, irteera baino ordu bete lehenago izena emateko aukera egongo da. Ibilbide luzea eta motza 13 euro ordainduko dira, 15 euro egunean bertan. Ibilbide motzean 5 euro ordaindu beharko dute 14 urtetik beherakoek, eta 10€ nagusiek.
- Ibilbide txikia: 10:00etan abiatuko da Zubi Zahar ikastolatik, Tontorramendira egingo dute irteera eta 11 kilometroko ibilbidea izango da, hiruzpalau ordutan burutzekoa eta 400 metroko desnibel positiboa izango duena.
- Ibilbide motza: 8:30etan abiatuko da Zubi Zahar ikastolatik, Kalamendi eta Tontorramendi igoko dituzte, 22,5 kilometroko ibilbidean. Bost ordu eta erdian egiteko modukoa da eta 800 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute.
- Ibilbide luzea: 07:00etan abiatuko dira Zubi Zahar ikastolatik 54 kilometroko ibilaldia egiteko. Parte hartzaileek 2.400 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diete: Kalamendi (315m), Kalamua (768m), Arno (618m) eta Tontorramendi (368m)zeharkatuko dituzte.
“Aurrera Mendi Taldeak bezperan lo egin nahi dutenentzat gelak prestatutako ditu eta martxa egunean gosaria emango zaie irteera puntuan”. Gainera dutxatzeko aukera eskainiko da; helmugan eta Ondarroako kiroldegian.
Boga Mendi Martxako arduradunek kontrolak errespetatzen ez dituzten parte hartzaileak kanporatzeko ahalmena izango dutela aurreratu dute. Ibilbidean zehar erretiratzen diren parte hartzaileentzako 635 20 01 89 telefono zenbakia jarri dute eskuragarri. “Erretiratzeko puntu egokienak hornidura postuak izango dira, bertan ibilgailuak egongo baitira”.