Gomez, Gaston eta Muñoz, 38. Atxukale Sariko podiumean
218 parte hartzailetik 147 txirrindularik lortu zuten proba bukatzea, tartean, Ander Albizu mutrikuarrak.
Iker Gomez Lopezek irabazi du Mutrikuo 38. Atxukale Txirrindu Saria. Zapatuan [martxoak 25] lehiatu zen Mutrikuko Udalak Atxukale Txirrindu Taldearekin elkarlanean antolatzen duen gazte mailako proba, eta Gipuzkoako Federazioko egutegi barruko lasterketa izan zen. Goi mailako 218 txirrindularik parte hartu zuten proban, eta 147 izan ziren helmugara heltzea lortu zutenak, tartean, Ander Albizu mutrikuarra. “Hasiera batean 200 era mugatu zuten parte hartzea, baina azkenean, ahalbidetu zuten 218 izatea”.
Azken esprintean erabaki zen podiuma, eta Quesos Albeniz taldeko Iker Gomez Lopez nagusitu zen 87 kilometroko ibilbidean, 02.03.43ko denboran osatu zuen proba. Alimco-Campagnolo taldeko Bernardo Gaston izan zen bigarrena, eta talde berdineko Hodei Muñoz Gabiñak osatu zuen podiuma.
Antolatzaileak pozik agertu dira probak izandako erantzunarekin: “Oso ondo joan zen proba, inolako arazorik gabe. Parte hartzaile asko izan ditugu eta maila onekoak gainera”. Mendiko sailkapen orokorra, Robert Innova taldeko Iker Villarrek irabazi du, taldekako sailkapena, berriz, Alimco-Campagnolo taldeak.