Ondarroako kiroldegiko makineria berrituko dute
Erabiltzaileen iritziak kontuan hartuta, udalak 30.000 euro inbertituko ditu makineria berrian.
Ondarroako Zaldupe udal kiroldegiko gimnasioko makineria berrituko du udalak, besteak beste, kardio lantzeko makinak, diskoak, barrak eta halterak berrituko dituzte. Erabiltzaileen aldetik “makina asko zaharkiturik” gelditzen ari direla iritzita, proiektua landu dute. “Herriko gazte talde bat udaleko kirol sailarekin harremanetan jarri zen gimnasioko erabiltzaile gisa zeukaten iritzia partekatu eta euren nahia eta proiektua azaltzeko”.
Udalaren kirol saila, kiroldegiko zuzendaritzaeta gazte taldea lanean aritu direla adierazi dute.”Harreman estua eduki dute azken hilabeteetan eta orain, guztien beharrizanak asebeteko dira gimnasioan inbertsioa eginda”. 30.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, eta makineria mota bi ekarriko dituzte, erabiltzaile profil desberdinei erantzuteko asmoz; plaka bidezko makinak erabiltzaile orokorrentzat eta disko bidezkoak espezializatuagoentzat. Zehaztu dutenez, makineria jakin bat renting sistemaren bide ekarriko dute. “Sistema horrek erraztu egiten du, bai makinaren mantenua, bai matxuraren bat dagoenean berau aldatzeko aukera ere”.
Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak kiroldegiko gimnasioko erabilerari buruzko datu azpimarragarriak zabaldu ditu: “Bi datu azpimarragarri eta oso positibo daude azken hilabeteetan: bat, gero eta handiago dela emakume erabiltzaileen kopurua, hau da, espazio hori ere hartzen doala emakumea; eta bestea, erabiltzaileen adin tartea askoz ere zabalagoa dela orain”.
Hortaz, apustu bat egitea merezi duela zehaztu dute kirol sailetik, eta gorakada horri eusteko eta kirola sustatzeko, “ezinbestekotzat” jo dute inbertsioa egitea. “Eskerrak eman nahi dizkiogu ekimena abiarazi duen gazte taldeari”.