Arnoko hezeguneak ezagutzeko irteera antolatu du Geoparkeak
Domekan izango den ibilbidean izena emateko bi bide daude: Turismo bulegora deituta edo online inprimakia beteta.
Geoparkeak Arno mendikateko hezeguneak ezagutzeko irteera egingo du Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko adituak lagunduta, domekan, [apirilak 2] 10:00etan aterako dira, Mutrikuko Olazko aparkalekutik. “Irteeran tamaina ezberdineko hezeguneak topatuko ditugu, naturalak eta artifizialak, lehengoratuak eta ukitu gabekoak… Hezeguneak ezinbesteko prozesu biologiko ugarien agertoki dira”.
Hezeguneen Munduko Egunaren 2023ko leloak hezeguneak lehengoratzeko unea dela aldarrikatzen du, hori dela eta, Arno mendikateko Ormolako urmaela jarri du Geoparkeak jomugan. Hain zuzen ere, Mutrikuko Udalak duela urte batzuk ganaduak erabiltzen zuen putzua egokitu zuen, ingurua hesitu eta zuhaitz landaketak eginez. “Urteen poderioz tokia guztiz naturalizatu da eta gaur egun izaki bizidun askok aterpea aurkitu dute paraje horretan”.
Irteera doakoa da eta ibilbideak zailtasunik ez duen arren, ezaugarriak gogoratu dituzte: bi orduko ibilbidea izango da eta 350 metroko desnibela du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ura eta janaria eramatea gomendatzen da, baita mendian ibiltzeko jantzi eta zapata egokiak ere bai. Izena emateko bi bide daude; Mutrikuko Turismo Bulegora deituta 943 60 33 78 edo Internet bidez izen emate orria bete.