Jone Gonzalez: "Sariak mundura jauzi egiteko leiho bat dira"
Diseinatzaile ondarrutarra IV. Mallorca Design Day ekimenaren baitan antolatzen den Moda Sariko finalista izan da 'Bloom' bildumarekin.
Jone Gonzalez diseinatzaile ondarrutarra IV. Mallorca Design Day-ren baitan antolatzen den Espainiako estatuko Moda Sarian finalista izan da, hain zuzen ere, Bloom bildumarekin. Covid osteko sormena izan da aurtengo gaia, eta hiru egunez moda erdigunean ezarri dute Mallorcan.
Otsailean itxi zuten lehiaketan parte hartzeko aukera, eta diseinatzaile bakoitzak sei look aurkeztu behar zituen. Nelez izenarekin sinatzen duen Jone Gonzalez diseinatzaile ondarrutarrak aukera aproposa ikusi zuen bere lana aurkezteko: “Gaia aproposa zen, nire bilduma loreetan dago oinarrituta, eta gainera konfinamendu ostean landu nuen. Hortaz, pandemian bizi izan genuen iluntasunetik ateratzeko trantsizio bezala aurkeztu nuen lana. Garai ilunetik atera eta berriro bizitzara bueltatzea da irudikatu dudana”. Ideia koloreen bidez islatu du, hain zuzen ere, kolore beltzak nagusitasuna duten looketatik, urdinak nabarmentzen direnetara, arrosatik igaro eta laranjan bukatuz, “berriz bizitzara bueltatzea irudikatuz”.
Lana aurkeztu eta aste betera, finalistetako bat zela jakinarazi zioten. Aurreko urteetan sariaren irabazlea eta balearretako sariduna izaten dira lana pasarelak aurkezteko aukera izaten dutenak, baina aurten, aldaketa bat eman da: “Nire lana asko gustatu zitzaiela esan zidaten eta lehenengo postua oso lehiatua egon zela, hortaz, erabaki bat hartu zuten: aurten saridunaz gain, finalistak ere bere lana aurkeztuko zuen Mallorca Design Dayko pasarelan”. Pasarelan hamar lan aurkeztu behar zituen, aurretik egindako sei eta lau berri.
Hortaz, buru belarri jarri behar zen, hilabete bat baitzuen lau look egiteko. “Kaosa izan da niretzat, Nelezen bilduma berrian nengoen lanean buru belarri, eta dena batu zitzaidan”. Aste gogorrak izan direla onartu du ondarrutarrak. “Nire bilduma lantzen sei hilabetez aritu nintzen, eta orain aste eta erdira mugatu zitzaidan denbora tartea. Lorik egin ezinik, josi eta josi aritu nintzen nire amarekin batera”.
Lana aurkezteko unea heldu zen, eta une “oso berezia” izan zela aitortu du : “Konfinamendu ondoren graduatu nintzen eta ez nuen aukerarik izan desfilea egiteko, eta azken finean, gure laneko unerik politenetakoa gure lana erakustea da”. Hortaz, Mallorcara heldu eta bilduma osoa landu eta aurkezteko unea heldu zenean emozioak pil-pilean zituen: “Lan batzuk ez nituen ezta probatuta ere, lehenengo aldiz ikusten nituen modeloek jantzi zituztenean. Oso une berezia izan zen, emozio asko nituen barruan”.
Gonzalezen esanetan sariak eta ekimenak bereziki garrantzitsuak dira diseinatzaile berrientzat: “Oso zaila da bidea egitea, eta horrelako ekimenak nahiz sariak mundura jauzi egiteko leiho bat dira. Jendeak zure lana ezagutzeko modua eta baita harremanak sortzekoa ere bai. Testuinguru hauek jendearengana heltzeko bideak dira”.