Lekeitioko Udalak alde zaharreko zirkulazioa arautzeko matrikula irakurketa sistema jarriko du
Kaleetan sartzeko baimena erabiltzaile batzuek bakarrik izango dute eta baimena jaso beharko dute. Baimenik gabe sartzen direnek salaketa jasoko dute.
Lekeitioko alde zaharra oinezkoentzako lehentasunezko eremua da eta, hori lortzeko, urteetan zehar zirkulazioa kudeatzeko sistemak ezarri ditu udalak. Orain sarbidea bizilagunen joan-etorrietara eta merkataritzarekin lotutako ibilgailuetara mugatzen da. Baina udaletik ohartu dira azken urteetan ibilgailuen zirkulazioa handitu egin dela, eta hori arautzeko ordenantza berria onartu dute.
Ordenantza berriagaz ibilgailuen sarrera eta hauek gunean igarotzen duten denbora mugatuko dute, horretarako matrikulak irakurriko dituzten sistema jarriko dute martxan. Udal ordezkariek esan dutenez kontuan izan behar da ibilgailu batzuek urbanizazio elementuak “hondatzen” dituela: “galtzada-harriak eta espaloiak batez ere”.
Alde Zaharrean sartzeko baimena hurrengo erabiltzaileek eskatu ahalko dute:
- Alde Historikoko etxebizitza batean erroldatuta dauden pertsona fisikoak edo bertan egoitza duen pertsona juridikoak.
- Alde Historikoan dauden merkatal edo ostalaritzako lokalen titularrak; edota, lokalak alde horretan eduki ez arren, ondasunak edo zerbitzuak etxerik etxe banatzen dituztenak.
- Konponketak eta obrak egiten dituzten enpresak.
- Udalerrian auto-taxi lizentziak dituzten titularrak.
- Zerbitzu bereziak eta larrialdikoak.
- Plazapeko garajean emakida duten titularrak.
Baimenak apirilaren 17tik maiatzaren 31ra eskuratu ahalko dira turismo bulegoan, astelehenetik barikura bitartean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Baimen gabe sartzen direnek zuzenean salaketa jasoko dutela aurreratu dute.