Artedramak diziplina ezberdinetako sei ikuskizun dakartza Aulestira
Apirilaren 10etik 15era bitartean Aulesti antzerkiaren plaza bilakatuko da beste behin ere. Apirilaren 14ko eta 15eko emanaldietarako sarrerak Ilunzar tabernan erosi behar dira.
Artedrama Euskal Laborategiak Aulesti sormenez eta puntako ikuskizunez jantziko du apirilaren 10etik 15era bitartean. Guztira sei obra ikusteko aukera egongo da. Emanaldi guztiak frontoian izango dira, 21:30ean. Sei ikuskizunetatik lau doan dira, eta azken bietarako sarrerak Aulestiko Ilunzar tabernan erosi behar dira
Oro har, sei egunetan diziplina ezberdinetako emanaldiak ikusteko aukera dakar Artedramak. Egunerokotasuneko gaiak oinarri hartuz, ikusleei zer pentsatu eragingo diote obra guztiek; hausnarketarako gonbitea proposatzen dute obra gehienek. Horrez gain, ikusleekin jolastu ere egingo dute emanaldi batzuetan.
- Apirilak 10 (astelehena): Balbea (Atx Teatroa). Sinopsia: Egunen batean, momentu bat ailegatzen da non bizitza amaitzen den. Baina prest al gaude hiltzeko? Ez edozein modutan, ez. Duintasunez hiltzeko, egin dugun bizitzarekin konforme, bizitzaren arintasunez kontziente. Hementxe dugu Gregorio, buru eta gorputz ahalmenak gainbehera, bere egunerokotasuna delirio eta errealitatearen artean bizitzen… Munduak ez dio poztasun handirik eman, suminduta dago eta amets bakar bat dauka: badaki bere azken momentua ailegatzear dagoena eta ez du haserre hil nahi.
- Apirilak 11 (martitzena): André eta Dorine (Kulunka Teatro). Sinopsia: Gela txiki batean, idazteko makina baten tekleatze frenetikoa egunero liskartzen da biolontxelo baten nota etengabeekin: André eta Dorine dira. Beste askok bezala, adineko bikote horrek ahaztu egin du behin batean elkartu zituen hura, eta nagikeriak hartu ditu. Baina beren bizitza ustekabeko gertaera batek astinduko du, izan zirena gogoratzera behartuko dituena; eta iraganera begiratzeak orainaldi berri bat eratzen lagunduko die. Baliteke, ordea, jadanik berandu izatea. Oharra: hitzik gabeko emanaldia da, eta aktoreak maskaren botereaz baliatzen dira.
- Apirilak 12 (eguaztena): Memoria (Itziar Manero). Sinopsia: Memoria oroimenari eta haren galerari buruzko antzezlana da. Amona baten oroitzapenak miatzeko saiakera. Denboraren eta gaixotasunaren aurkako lasterketa. Ahanzturaren aurkako lasterketa bat. Amona baten eta biloba baten arteko topaketa ere bada. Galderak egiteko, elkar ezagutzeko, zaintzeko eta agur esateko ahalegina, amonaren oroitzapenak desagertu baino lehen. Zer gertatzen da pertsona baten oroimena galtzen denean? Nora doaz zure oroitzapenak? Zerekin geratuko gara haien ondorengoak?
- Apirilak 13 (eguena): Eresia (Oier Zuñiga). Sinopsia: Ama hil da, hori da egia. Kantu bat, dantza bat, erritu bat… lore bat eskaini nahiko nioke. Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko. Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna?
- Apirilak 14 (barikua): Zozertan dabil baina ez dakit zertan (Metrokoadroka). Prezioa: 5 euro. Sinopsia: Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: “Gu familia bat gara?”. Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana.
- Apirilak 15 (zapatua): Hondamendia (Artedrama-Axut!). Prezioa: 5 euro. 2020ko bi gertakari nagusi biltzen ditu obrak: Zaldibarko zabortegiko lur jausia eta haren ondorioz hil ziren bi langileak, eta pandemia. Antzerkia, dantza, musika eta arte plastikoak uztartzen ditu obrak, baina baita ere pandemian hain ospetsua izan zen bideogintza ere.