"Herriari hitza ematea" eskatu dute Danborzaleek
Mutrikuko portuaren inguruko prozesuari buruzko balorazioa egin dute.
Mutrikuko portuaren etorkizunari buruzko parte hartze prozesu bat abiatzea beharrezkoa zela adierazi zuen Udalbatzak otsailean egindako Osoko Bilkuran. Egoera horren aurrean, eta duela urtebete hasitako prozesua zein egoeratan dagoen ikusita, Danborzaleek parte hartze prozesu “mugatu” baten aurrean, parte hartze prozesurik “garrantzitsuena eta benetakoena herriari hitza ematea” dela aldarrikatu dute, eta portuaren inguruko prozesua gogorarazi nahi izan dute.
Hiru hilabete pasatu dira dikea luzatzearen aldeko herri galdeketa egin zutenetik, eta Danborzaleek otsaileko Udaleko Osoko Bilkuran mozioa aurkeztu zuten alderdi politikoei portuaren inguruko posizionatzeko eskatuz. “Horretan ere EAJren eta EH Bilduren zehaztasun eza jaso genuen”.
Ibilbidea, berriz, duela urtebete hasi zutela gogorarazi dute: “2022ko udaberrian, jakin genuen kanpoko moila luzatzeko asmotan zirela. Orduan bertan hasi ginen herritarrei geure kezka azaltzen: moila luzatuaren babesean, kirol-portua eraikiz, betiko itsas eremu eder eta publikoa galtzeko arriskua genuela”. Orduan martxan hasi ziren, eta Danborzaleen esanetan “jendea nahaste eta giroa gaiztotzen” ari zirela leporatu zioten. “Baina Mutrikuko alkateak apirilaren 14an hedabide batean adierazi zuen kirol-portu berri baten susmoa zegoela”.
Ondoren, moila luzatzeko obrak hasi baino lehenago, abuztuaren 28an elkarretaratze bat egin zuten, Moila luzatu ala ez? erreferenduma eskatzeko. 1.185 sinadura batu zituztela baieztatu dute (Mutrikun erroldatutakoen 719 sinadura, zehazki), eta hori bide, “ofizialtasun gabe eta eragozpen asko gaindituz” abenduaren 16 eta 18an herri galdeketa gauzatu zen 871 bozka lortuta: 819 boto ez luzatzearen alde, 45 luzatzearen alde eta 7 boto zuri eta baliogabe. “Alkateak, Jaurlaritzako Portu Zuzendariari bilera eskatzeko konpromisoa hartu zuen eta, bilera egin badute ere, oraindik ez digu bileran tratatutakoaren berririk eman”.