Hizkuntza eskakizunaren klausula "inposizioa" dela ebatzi du auzitegiak
Jai Alai Autobusak enpresak jarritako helegitea onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epaiak hautsak harrotu ditu euskalgintzaren alorrean. Epaia "benetan larria" dela kritikatu dute.
Jai Alai Autobusak enpresa pribatuak helegite bat jarri zuen Hezkuntza Sailak eskola garraioarekin lotutako kontratazio baterako jarritako hizkuntza klausulak ez direla egokiak argudiatuz. Eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio; hizkuntza eskakizunaren klausula ez dela legezkoa ebatzi du auzitegiak, eta puntu hori “baliogabetu” egin du.
Hezkuntza Sailak garraio enpresako langileek “euskaraz jarduteko maila egokia” eduki behar zutela jasotzen zuen kontratuan. Enpresak kontratuan jasotako hainbat puntugaz ez zegoela ados adierazi zuen, eta tartean aipatzen zuen hizkuntza eskakizunaren klausula “inposizio bat” zela.
Epaiak zer esan handia eman du euskalgintzaren alorrean. Euskalgintzaren Kontseiluak “oso larritzat” jo du epaia: “Administrazio publikoak euskaraz funtzionatu ahal izatearen aurka jotzen du bete–betean. De facto gaztelania funtzionatzea inposatuz. Ebazpen isolatu bat izatetik urrun, lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak auzitan jarri ondoren, euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialaren urrats berri baten aurrean gaude”. Azken urteetan jaso diren sententziak eremuz eremu euskaraz bizitzeko espazioak “murrizten” ari direla gaineratu dute, herritarren eskubideak zuzenean edo zeharka kaltetuz.
Uemak ere epaia “benetan larria” dela adierazi du: “Udalak lehiaketa bidez zerbitzu bat esleitzen duenean, enpresak udalak ezartzen dizkion baldintzak bete behar ditu, baita hizkuntzari dagokionean ere”
Kontratazioetan hizkuntza–klausulek duten garrantzia defendatu du Kontseiluak, gaur egun gaztelania nagusi den administrazioa eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko urrats moduan. “Euskara hizkuntza ofiziala izanik, administrazioarekin hitzarmen bat dagoen momentuan, honek harremana euskaraz egin dadila arautzeko eskumen osoa du. Beraz, zerbitzu publikoa esleitzeko lehiaketa batean,enpresa pribatuei administrazioarekin harremantzerakoan gutxieneko euskara ezagutzak izango dituen langilea bermatu dezatela eskatzeak ez du inoren eskubidea urratzen”.
Uemak ere epaia “benetan larria” dela adierazi du. Miren Segurola koordinatzaileak epaiak udaletan izan dezakeen eraginaz hitz egin du: “Uemako kide diren udalek, beste hainbat udalek bezalaxe, euskaraz funtzionatzen dute, eta euskaraz aritzen diren udalek kanpo harremanetan ere euskara erabiltzea sustatzen dugu. Ulertzen dugu herritarrek bezala enpresa pribatuek ere badutela administrazioarekin, eta gure kasuan, udalekin beraiek aukeratutako hizkuntzan aritzeko eskubidea; baina behin udalak enpresa bat kontratatzen duenean lehiaketa bidez zerbitzu bat esleituta, udalak ezartzen dizkion baldintzak bete behar ditu, baita hizkuntzari dagokionean ere”.