Ia hiru urteko bideari amaiera emango dio Endika Uriondok
Endika Uriondo gizaburuagarrak erretiroa hartuko du profesional mailako esku pilotatik. Apirilaren 7an jokatuko du bere azken partidua, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan.
Endika Uriondo atzelari gizaburuagarrak amaiera ipiniko dio profesional mailako bere pilotari ibilbideari. Ia hiru urtez, 2020. urteko ekainaz geroztik, aritu da goi mailako esku pilotan jokatzen, eta kirolaz haragoko lan arrazoi batengatik lagako du kirolaren eliteko alderdia Baiko Pilota enpresako pilotariak. “Ezetz esan ezin diodan lan eskaintza bat suertatu zait; hori da arrazoi bakarra”.
Uriondok argitu du arratsaldez entrenatzeko aukera edukiko lukeela aurrerantzean egokituko zaion bizi testuinguruagaz, baina ez, ostera, enpresak eskatzen dion ordutegian eta moduan: “Esango nuke lehiatzen jarraitzea ahalbidetzen didan ordutegia edukiko dudala, baina neure baldintzak eta eurenak ez datoz guztiz bat, eta horrexegatik erabaki dut Baiko Pilotagaz neukan hitzarmena aurretiaz amaitutzat ematea”.
Agurra, Lekeition. Erabakia “modu adiskidetsuan” egin duten arren, Uriondok azaldu du bere azken partidua “apur bat beranduago” lehiatzea gustatuko litzaiokeela. Izan ere, apirilaren 7an, hurrengo asteko barikuan, jokatuko du bere azken partidua. “Enpresari eskatu nion Antzar Egunean erretiroa hartzea gustatuko litzaidakeela, baina azkenean ez da posible izango”, azaldu du. Partidua Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan izango da, 21:00etan.
Endika Uriondo: “Partiduak lehia gogorra nahiz polita izateko osagai denak ditu”
Apirilaren 7an, Uriondok bikotekako partidua jokatuko du, Erik Jaka lizartzarragaz batera. Maila handiko aurkariak edukiko dituzte aurrez aurre: Unai Alberdi azpeitiarra, Alberdi II.a, eta Ander Imaz oiartzuarra. Alberdi, gainera, frontoira bueltatuko da, bederatzi hilabetez belaunean min hartuta egon ostean. “Aurkari gogorrak izango dira, eta partiduak lehia gogorra nahiz polita izateko osagai denak ditu”, adierazi du Uriondok. Karga sinbolikoa “begibistakoa” izango den arren, azken partidua “normaltasun osoz” planteatzen du Gizaburuagakoak: “Beste edozein partidu bezalaxe hartuko dut, azkenengoa izan arren; ahalik eta mailarik onena emateko asmoagaz kantxaratuko naiz, beste ezertan pentsatu barik”.
Apirilaren 7ko partiduetarako sarreren aurresalmenta dagoeneko martxan dago, 20 euroko prezioan
Partidu horren ondoren, EPELen Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenetako norgehiagoka jokatuko dute. Hurrengo astean egingo da zozketa, eta orduantxe jakin ahalko da zeintzuek jokatuko dute Lekeition. Apirilaren 7rako sarreren aurresalmenta dagoeneko martxan dago: batetik, Gol eta Maite tabernetan eskuratu daitezke; bestetik, www.entradasfronton.com atarian. Sarreren prezioa 20 eurokoa da.