Biolentzia instituzionala jasaten ari den emakumea babesteko sarea sortu dute
Sinadura bilketa, amaren irudia berreskuratzeko txosten bilketa eta bonuak atera dituzte herriko emakumeari babesa eskaini eta laguntzeko asmoz.
Herriko emakume bat biolentzia instituzionala jasaten ari dela salatu dute Mutrikun. Emakume Askeak izenpean, herritar sare bat sortu da emakumeari babesa eman eta egoerari aurre egiten laguntzeko asmoz: “Zenbait emakume batu gara Mutrikun, biolentzia instituzionala jasan duen emakumea zaindu eta eusteko”.
Emakumeak bi seme alaba ditu; hamazazpi urteko alaba eta hamahiru urteko semea. Emakume Askeak sarearen kideen esanetan Gipuzkoako Diputazioak seme-alaben kustodia kendu dio amari. Ekintza burutzeko emandako arrazoien aurrean desadostasuna agertu eta ofiziozko abokatua eskatzean, ukatu egin zaiola baieztatu dute. “Babesten dugun emakumea, seme-alabak entregatzera behartua izan da, bere nahiaren kontra, epailearen aurretik pasatu gabe, Giza Eskubide oinarrizkoenak urratuz”. Emakumeak bere seme-alabak berreskuratu nahi ditu eta epailearen aurrera eraman nahi du bere kasua.
Gizarte langileen eremuan sartu zenetik jaso duen tratua da salatzen ari direna.
Prozesua abian dago, eta pausoak emateko baliabideak beharrezkoak dira, hala nola, abokatu bat izatea ezinbestekoa da. Aipatu bezala, ofiziozko abokatua ukatua izan zaio, arrazoi ekonomikoak direla eta, hortaz, abokatu pribatua kontratatzea izan da irtenbide bakarra, nahiz eta ez duen baliabide ekonomikorik aurre egiteko: “Seme-alabak lortzeko bidean beharrezkoa da abokatu bat izatea,eta errealitatea da ez duela baliabide ekonomikorik horretarako”.
Saretu. Egoera honen aurrean herritar talde bat saretu da emakumeari lagundu eta herriaren aurrean egoera salatzeko. “Instituzioek ama honen kontra idatzitako txostenak irakurri eta gero, eta gure aurrean emakumearekin izan duten jokabidea ikusi ondoren erabaki genuen babes osoa ematea”.
“Biolentzia instituzionala biolentzia modu bat da”.
Emakumeak zailtasunez betetako testuinguru bat duela adierazi dute: “2014tik dago minbiziarekin eta zailtasun handiekin ari da aurrera egiten. Ez dira soilik zailtasun ekonomikoak, bakardadeari lotutako zailtasunak eta baita gaixotasunak dakartzanak ere bai. Horri nerabezaroak dakartzan arazoak gehitu behar zaizkio, eta etxean bizi duten egoeran testuinguratu”. Hortaz, gizarte langileen eremuan sartu zenetik jaso duen tratua da salatzen ari direna. “Hiru arrazoi nagusi eman zizkioten haurrak kentzearen justifikazio bezala. Arrazoi nagusia: tratu txar psikologikoak izan ziren, hala nola, ez izana ahalmenik haurrei segurtasuna emateko”.
Txostenean aipatzen den segurtasun falta horren adierazle bat zen etxebizitza. Alokairuan bizi den familia izanik, urrian amaitzen zitzaion kontratua, horren aurrean, etxerik aurkitu ezinik ibili da ,eta azkenean lortu du konponbidea, “baina ez du laguntza beharrezkorik jaso instituzioen aldetik baliabide horiek lortzeko”.
“Prozesuan jasandako indarkeria matxista, arrazista eta gizatasunik gabekoa gaitzetsi nahi ditugu”
Prozesua hasi zenetik “jarrera paternalista handia jaso du, eta hori biolentzia modu bat da”. Emakumea biolentzia instituzionala jasaten ari dela salatu dute, eta kontzeptuak sortzen dituen nahasteak erdigunean ezarri dituzte: “Biolentzia instituzionala biolentzia modu bat da. Nahastea sortzen du kontzeptuak, emakumea eta biolentzia beti biolentzia fisiko batekin lortzen baitugu, baina kasu honetan ez da hori arazoa. Biolentzia sinbolikoak, ezkutuko biolentziak eta biolentzia isilak beti dira zailagoak identifikatzeko”.
Laguntzeko bideak. Egoera salatzeaz gain, laguntza eskaintzeko hainbat bide abiatu dituzte, “emakume honek bere burua defendatzeko aukera izan dezan, eta haurrak berreskuratu dezan”. Hortaz, sinadura bilketa abiarazi dute, bonuak saltzen jarri dituzte eta txostenak biltzeari ekin diote.
Amaren irudia berreskuratzeko, aldeko txostenak biltzeari ekin diote. Emakumeak adinekoekin lan egin izan du, eta familiei bere jarreraren berri emateko eskatu zaie. “Epaileak jakin beharra duelako ama horrek ez duela arduragabekeriaz jokatu bere seme-alabekin, ez dituela babesgabe utzi, ezta inongo tratu txarrik eman ere”.
Sinadura bilketa, bonu salmenta eta txosten bilketa abian jarri dituzte.
Bestalde, sinadura bilketa dute martxan, martxoaren 8an kalera atera ziren eta mahaia jarri zuten Txurruka plazan. Hala ere, kalera ateratzen jarraituko dutela aipatu dute. Horrez gain, hogei euroko bonu laguntzak atera dituzte, eta ateratako diruarekin, abokatuak eta epaiketako gastuak ordainduko dira. “Abokatua ordaintzeko dirurik ez duenez, eta oinarrizko eskubidea denez, herritarrak atera dituzten bonuak erostera animatu nahi zaituztegu”.
Emakumeak Mutrikun Abian taldeak ere egoeraren aurrean laguntzeko prozesua abiatu du:”Prozesuan jasandako indarkeria matxista, arrazista eta gizatasunik gabekoa gaitzetsi nahi ditugu”. Laguntza eskaintzeko asmoa dutenei posta elektroniko bat jarri diote eskuragarri, emakumeakmutrikunabian@gmail.com. “Adingabearen interes gorena gordetzeko, epaileari eskatzen diogu ahalik eta azkarren bere seme-alaben zaintza eta guraso ahala itzultzeko ama horri”.