Hezkuntza Sailaren "informazio eza" salatu du Zubi Zahar ikastolak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aldaketak ezarri ditu matrikulazio prozesuan.
Indefentsioaren aurrean, ikastolok planto! lelopean elkarretaratzea egin duteĀ Zubi Zahar Herri Ikastolako langile eta ikasleek, ikastola aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aldetik jasotako “informazio eza” salatzeko. “Ez digute informaziorik eman nahi. Ez dakigu zaurgarritasun indizeak nondik ateratzen dituzten, kasu askotan ez baitira sinesgarriak. Ez dira arau berdinak aplikatzen ari guztioi, hain zuzen ere, ikastolei kentzen dieten ikasle kopurua handiagoa da ematen dietena baino, horrela gelak galduz kasu batzuetan. Eta, gainera, ez dakigu familiei zer esan behar diegun, ez baitakizkigu ez onartzeen arrazoiak”.
Ondarroako kasua erdigunean jarri eta egoeraren aurreko kezka agertu dute: “Herriko zaurgarritasun tasa %8koa da eta gure ikastolan %15ekoa, segregazioa?”.
Testuingurua. Jaurlaritzak aldaketak egin ditu matrikulazioen alorrean, ikasleen banaketa orekatuagoa lortzeko helburua duela adieraziz. Hain zuzen ere, aldaketa nagusi bat ezarri dute: diru publikoz hornitutako eskola guztiek lekuak gorde beharko dizkiete ikasle zaurgarriei, eskolaren eragin eremuko zaurgarritasun indizearen arabera. Horren aurrean, hezkuntzako eragile nagusiek prozesurako “gardentasuna” eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.