Karpa bete jende batu du Mutrikuko 26. Berdel Egunak
Aste guztian egindako lanari jarraipena emanda, goizean goizetik berdel pintxoak prestatzen aritu dira boluntarioak Kofradia inguruan. Kanpoko jende asko batu da eguerdia orduko.

Itsasoa arnastu zitekeen gaur [apirilak 1, zapatua] Mutrikuko portuan. 08:00etarako lanean hasita zeuden herritarrak, lehorrean lan egin dutenak edo egiten dutenak batzuk, arrantza sektorean arituak beste zenbait. Gunez gune, berdelak pelenkatzen, jatetxeetan prestatutako osagaiak muntatzen edota arrazioak prestatzen zebiltzan, eguerdian jaiaz gozatzera zetozenei zerbitzatzeko.
Elena Altuna Zuazubizkar, Lore Goimendi Mendizabal eta Leire Arrizabalaga Aranbarri hirukotean ibili dira pintxoak prestatzen. Altunaren seigarren aldia zen gaurkoa. “Eguna dotore bizi izaten dugu. Oso pozik ibiltzen gara”, zioen. Goimendik hirugarren aldiz bota du “esku bat”; jubilatu eta gero hasi zen boluntario. “Egun polit-polita da. Geure artean ondo-ondo pasatzen dugu”. Izan ere, loturak sortzen dira, hartu-emanak… Arrizabalagak tarteka egin izan du lan Berdel Egunean, eta argi dauka ondo pasatzeko, norbaitek lan egin behar duela.
Horren harira, belaunaldi erreleboa azpimarratu dute. Ane Lezertua Agirrebengoa 20 urteko gaztea lehenengoz aritu da boluntario lanak egiten, begirada etorkizunean ez ezik, iraganean ere jarrita: “Jendearen beharra dago urterik urtera, eta jende gaztea ez bada etortzen, galdu egingo da Berdel Eguna. Ezin dugu utzi galtzen”.
900 kilo berdel erabilita, hamaika eratara egindako milaka pintxo banatu dituzte gaur eguerdian, Mutrikuko Kofradiaren aurrean.
Ezin pintxorik zerbitzatu edaririk gabe. Barra atzean aritu dira, beste batzuren artean, Xabier Astigarraga Albizu, Iñaki Agirrezabalaga Nuñez eta Gaizka Maiora Aretxabaleta, azken hori, lehen aldiz. “Kanpoko eta herriko jendea etortzen da, denetarik. Egun oso polita da”, zioten, aurreko urteetako pasadizoak kontatu bitartean.
Ilarea luzeak. Tiketak hartzeko ilara luze-luzea zegoen 13:30erako. Euria hasi da orduan, haizea zakartu egin da, eta karparen babesa bilatu dute jaiaz gozatzera etorri direnek. 900 kilo berdel erabilita [200 kilo ekarri dituzte 13:30ak aldera], hamaika eratara egindako pintxoak egon dira aukeran. Ohi bezala, Marije Ituarte Salegik jarri dizkio hitzorduari gatza eta piperra, mikrofonoa eskuan.
Ekimenez ekimen, eguraldi txarrari aurpegi ona jarri diote aurten ere Berdel Egunean batu direnek. Eguna ezin hobeto amaitzeko, agertokira igo dira Belarri Fuckers eta Delirium Tremens talde mitikoa.






























































