EtxeTIC eta desgaitasun duten pertsonentzako zentroa jarriko dute Markina-Xemeinen
Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Lea-Artibaiko hamabi udalerriei emango die zerbitzua, guztira 670 erabiltzaile potentzialei.
Markina-Xemeingo San Roke Ospitale Santuko Ermandadearen Fundazioaren Patronatuak, zeinek Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea duen presidente, Bizkaiko Foru Aldundiaren alde dohaintzan eman du Markina-Xemeingo lursail bat, San Roke egoitzaren ondoan kokatua eta 1600 metro karratuko azaleragaz. Bertan kokatuko dira EtxeTIC eguneko zentroa eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroa.
Lursailaren dohaintza horren truke, aldundiak Fundazioari esleitu dizkio mendekotasun egoera duten pertsonentzako gordetako 20 plazetatik lau tutoretzapeko etxebizitza. Jakinarazi dutenez, Fundazioak berak erabakiko du etxe horien erabiltzaileak zeintzuk izango diren.
EtxeTIC doako foru zerbitzua da, eta laguntza presentziala (zentroan bertan) eta telematikoa (etxetik, gailu teknologikoen bidez) eskainiko du. Markina-Xemeingo Udalak, fundazioaren bitartez dohaintza hori bultzatzeaz gain, “udalerriko pertsonen onerako izango den zerbitzua Lea-Artibai eskualdean eta zehazki Markina-Xemeinen egotea lortu du”, adierazi dute. Egoitza honek Lea-Artibai eskualdeko hamabi udalerriei emango die zerbitzua, eta guztira 670 erabiltzaile potentzial izango dira eskualdean.
Lankidetza. “Udala Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan jardungo da, hitzarmenean hartzen diren konpromisoen bidez, Markina-Xemeingo udalerriko gizarte-zerbitzuen baliabideak sortzea eta abian jartzea ahalbidetzeko”. Hain zuzen ere, hainbat konpromiso hartu dituzte. Batetik, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa “bultzatu eta izapidetzea”, emandako lurzatiei hitzarmenaren xede den gizarte-ekipamendua eraikitzeko behar den eraikigarritasun fisikoa emateko, Gizarte Ekintza Sailak ezarritako beharren programaren arabera.
Bestetik, beharrezkoak diren eraikuntza-obren proiektuko administrazio-baimenak, lizentziak eta abar “ahalik eta azkarren eta arreta handienaz” ematea. Azkenik, udalak konpromisoa hartu du aldundiaren eraikuntza-proiektuari edo hitzarmenean aurreikusitako beste edozein jarduerari dagokion Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) “ordaintzetik salbuestea, baldin eta zerga horri lotuta badago”.