Zabalik dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Gertu bulego berria Markina-Xemeinen
Gaur [apirilak 3] ireki ditu ateak, bertan Aldundiarekiko gestioak eskualdean egin ahalko dituzte herritarrek, Bilbora joan barik.
Bizkaiko Foru Aldundiak zazpi arretarako Gertu bulego integral ditu lurraldean, gaur [apirilak 3] ateak zabaldu ditu Markina-Xemeingoak. Horrela, Lea-Artibaiko 12 udalerritako 25.900 pertsona baino gehiagori emango die zerbitzua Aldundiarekiko gestioak eskualdean egin ditzaten, Bilbora joan beharrik gabe. Era berean, eskualdeko biztanleei ez ezik, bizi diren lekua edozein dela ere bertara joaten diren guztiei ere izapideak egiteko aukera ematen die.
Markina-Xemeingo Edortza Etorbideko 4. zenbakian kokatuta dagoen bulego berrian herrian dagoen Eskualdeko Nekazaritza-Bulegoan ematen ziren zerbitzu guztiak integratu dituzte, baita foru erakundeko gainerako sailen izapide eta zerbitzu berriak ere, 150era iritsi arte, Ogasun eta Finantza Sailekoak barne. Bulego hauek leihatila bakarrekoak dira eta aurrez aurreko arreta eskaintzen dute, “gertutasun handiagoa ematen duena eta lurralde-kohesio handiagoa” lortzen duena aldundiaren arabera.
Jendaurreko ordutegia astelehenetik barikura 08:30etik 14:00etara izango da, udan izan ezik (ekainaren 14tik irailaren 10era), orduan 08:30etik 13:30era egongo baita zabalik. Markina-Xemeingo Gertu bulego berrian bederatzi pertsonak egingo dute lan zuzeneko arretan, baina kopuru hori handitu egingo dute Errenta eta Azaleren Aitorpenaren kanpainetan. 147 m2-ko lokala Foru Aldundiak erosi eta egokitu du, eta guztira 641.848 euroko inbertsioa egin du martxan jartzeko.
Elixabete Etxanobek, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, esan du Gertu bulegoak “funtsezkoak” direla Aldundiak herritarrei eskaini nahi dien arretan, “pertsona guztiei hurbiltzeko daukagun konpromisoa betetzen jarraitzeko beste adibide bat baino ez da”. Etxanoberentzat helburu argia da: “herritarrek arreta nola jaso nahi duten aukeratu ahal izatea. Lea-Artibain bizi diren 25.900 pertsonek bulego berri honetatik Bizkaiko Foru Aldundiarekin izapidetu behar dituzten kudeaketak egin ahal izango dituzte. Hemendik aurrera euren eskualdean 150 izapide arte egin ahal izango dituzte leihatila bakarreko sarrera-eredu batekin”.
Eskualdeko Nekazaritza-Bulegoan ematen ziren zerbitzu guztiak integratuko dira, baita foru erakundeko gainerako sailen izapide eta zerbitzu berriak ere. Izapide horietariko batzuk lehen aldiz ematen dira, hala nola Ogasun eta Finantza Sailarekin lotutako zerga-kudeaketak; Bizkaiko Foru Aldundiko sail guztien zerbitzuei buruzko informazio orokorra; erakunde honi eta beste administrazio publiko batzuei zuzendutako idazkien erregistroa; jakinarazpenak entregatzea; Foru Aldundiko hautaketa-prozesuetan izena ematea; Aldundiak kudeatutako gizarte-prestazioak kobratzeari/ez kobratzeari buruzko ziurtagiriak jaulkitzea; identifikazio-datuak aldatzea; sinadura elektroniko aurreratuko ziurtagiriak (bakq) jaulkitzea…