2026/2027 ikasturterako egongo da prest Etxebarriko eskola berria
Azken egunetan udalak, guraso elkarteak eta eskolako zuzendaritzak proiektuaren aurkezpena izan dute.

Etxebarriko eskola berriak pixkanaka aurrerapausoak ematen ari da. Martxoaren 31n udaleko, guraso elkarteko eta eskolako zuzendaritzako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz bildu ziren. Bertan aurreproiektuaren berri izan zuten. Denak ala denak “oso pozik” atera ziren aurkezpenetik: “Lan ikaragarria dago atzetik, oso ondo landutako proiektua da, xehetasun asko ditu. Ez genuen inolaz ere pentsatzen hainbesteko kalitatetik izango zuenik”, adierazi du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Orain modu sakonean aztertuko dute herriko eragile desberdinek eta maiatzaren 1era arte dute epea bestelako aldaketak edo gehikuntzak egin ahal izateko, esate baterako, iturriak non edo zenbat jarri. “Eskola berria modularra izango da, hau da, espazioak mugitu edo elkarbanatu ahalko dira eraikuntzan inolako aldaketarik egin gabe. Horrez gain, guretzako oso garrantzitsua zen jolastokia aterpea izatea eta jangela ere handia izatea. Espazioak bikain banatuta daude, oso handiak dira, denetarik egitekoak”.
Orain egin behar dituzten aldaketak sartu eta gero, irailerako guztiz idatzita geratuko litzateke eta urte amaierarako amaitutzat emango zuten eta lizitaziora aterako zuten. “Garrantzitsua da pixkanaka aurrerapausoak ematea, ezin dugu lorik hartu, epeak betetzen joan behar gara”. Obrak 2024ko urte erdialdean hastea aurreikusten dute eta 18 hilabeteko iraupena izango dute. Gero, azken ukituak eman beharko lituzkete. Iriondo alkateak esan du 2026/2027 ikasturterako nahi dutela etxebarritar umeek eskola berrian klaseak ematen hastea.

Argazkia: Etxebarriko Udala.