III. Lea-Artibai Txallengeak are gehiago hedatuko du lasterketa
Aurten, lehen aldiz, Lekeitioko Txirrindulari Elkartea sartu da, eta antolatzaileen nahia da eskualdeko beste udalerri batzuetara zabaltzea emakumezkoen lasterketa.

Lea-Artibaiko errepideak gustuko dituzte txirrindulariek, gorabeheratsuak dira nonahi, gogorrak askotan. Hain zuzen, txirrindularitzaren zabalkundea, emakumeena zehazki, bilatzen dute Lekeitioko, Berriatuko eta Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteek, III. Lea-Artibai Txallengeagaz.
Aurten berritasun handiekin dator, gainera. Lehen aldiz, Lekeitio irteera puntu izango da, aurten Lekeitialde elkarteak 50 urte betetzen baititu. Lekeitiarren sarrerak eragin zuzena eduki du itzuliaren antolaketan: hiru egunera luzatu dute, eta erlojupeko saioa sartu. «Lasterketa are gehiago zabaldu nahiko genuke, herri txikietan irteera eta helmugak jarriz, baina horretarako laguntza eta zabalkundea behar dugu», esan dute antolatzaileek.
Apirilaren 14an, 15ean eta 16an lehiatuko da, egun bakoitzean herri batean; kadete, gazte, 23 urtez azpiko eta elite mailako emakumeek parte hartuko dute. 61 parte hartzailek eman dute izena, baina gehiago espero dituzte. Lehen egunean jokatuko da Lekeitialde 50. urteurren saria: txirrindulariek 4,5 kilometroko erlojupekoa egingo dute Lekeitioko kaleetatik, portuan hasi eta amaituta. 16:00etan aterako dira gaztetxoak banan-banan eta 17:00etan nagusiak.
Apirilaren 15ean, Markina-Xemeinek hartuko du lekukoa. Gaztetxoek 42 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote, 09:30etik aurrera. Udaletxetik hasi, eta Ondarroan izango dute tarteko helmuga. Lekeitiotik pasata, Mereludiko gaina igoko dute Berriatutik, Markina-Xemeinera itzultzeko. Nagusiagoek 11:30ean dute irteera ordua, eta 69,9 kilometro osatu beharko dituzte; Aulestin tarteko helmuga bi izango dituzte eta bigarren mailako Gontzagarigane eta Lekoitz igoko dituzte, eta hirugarren mailako Mereludi.
Mereludi, azken epaile. Emakumeen VI. Berritxu Saria izango da hirugarren eta azken etapa, bertan hasi eta amaituta. 09:45etik aurrera gaztetxoek 35,95 kilometroko ibilbidea edukiko dute. Lekeition izango dute tarteko helmuga, eta Mereludiko gaina igoko dute. 11:30ean aterako dira gazteak. 23 urte azpikoek eta elitekoek 68,45 kilometro egingo dituzte. Lekeition izango dituzte tarteko helmuga bi, baina Mereludiko bi igoerek erabakiko dute irabazlea.
Azken sailkapeneko liderra eta III. Lea-Artibai Txallengeko irabazlea hiru egunetako denborak batuta jakingo da, gazte zein nagusietan. Lehendabizikoek guztira 82,55 kilometro egingo dituzte; bigarrenek, aldiz, 142,85. Horrez gain, bestelako sari eta sailkapenak banatuko dituzte: tarteko helmugena, mendikoa, bizkaitarrik onenarena eta taldekakoa. Sailkapen horiek absolutuak izango dira, hau da, orokorrak, gazte zein nagusietan.